Zer da Korrika zuretzat?
Ander Urdapilleta
Parte Zaharra
“Indar zurrunbiloa oso garrantzitsua da euskaldun komunitate guztiontzat”
Niretzat, Korrika euskalgintzaren aldeko indar eta emozio zurrunbilo herrikoia da. Aukera izan dudan guztietan parte hartu izan dut. Behin, Arrano Beltza Euskaltokiaren izenean eraman nuen lekukoa; bertako kudeaketako lantaldekoek eraman genuen, emozio eta harrotasun handiz. Tristea da AEK-k Korrika bezalako egitasmo bat martxan jarri behar izatea sostengu ekonomikoa lortzeko, baina era berean, indar zurrunbiloa oso garrantzitsua da euskaldun komunitate guztiontzat.
Jokiñe Salegi
Parte Zaharra
“Behin Irrintzi euskaltegiko lekukoa eraman nuen”
Hasieratik parte hartu izan dut Korrikan, eta, behin, Irrintzi euskaltegiko lekukoa eraman nuen. Esperientzia oso ona izan zen, eta oroitzapen asko ditut. Parte hartu izan dut euskara bihotzean daramadalako. Korrika euskara zabaltzeko eta mundu guztian ezagutzeko oso garrantzitsua da, nire ustez.
Periko Estonba
Gros
“Euskara normalizatua egon dadin eskatzeko parte hartu izan dut”
Pila bat aldiz parte hartu izan dut Korrikan: seme-alabekin ikastolan ibili zirenean, AEKrekin, preso auzokideen alde… Zaharra egin naizenean ere bai. Behin AEKren lekukoa eraman nuen, eta asko hunkitu nintzen. Jubilatuta nengoen eta orduan banuen denbora euskara ikasteko. Euskara normalizatua egon dadin eskatzeko parte hartu izan dut Korrikan: garrantzi handia du, eta behar dugu. Euskararen aldeko legeak behar ditugula uste dut, jendeak nahitaez betetzeko.
Hostaitza Zubeldia
Amara Berri
“Niretzat, Korrika euskal gizartea batzen duen ekitaldia ere bada”
Korrika euskararen aldeko egitasmoa izateaz gain, niretzat, Korrika euskal gizartea batzen duen ekitaldia ere bada. Azkenean, hor ikusten da euskaldun egiten gaituena euskara bera dela, eta askok (batez ere kanpotik) euskara elementu baztertzailetzat jotzen badute ere, ikusten da euskal jendartean indarrak batzeko balio duela, kontsentsua lortzeko. Zatituta dagoen gizarte bateko hizkuntza gutxituak hainbeste jende mobilizatzea hunkigarria ere bada, finean gure hizkuntza emozioekin ere lotuta baitago. Nik neuk, ez dut gogoratzen zenbat aldiz hartu dudan parte, baina 13 urterekin lekukoa eramateko aukera izan nuen eta esperientzia ahaztezina izan zen. Amara Berriko AEKren kilometroko lekukoa eramateko aukera izan nuen bertako hainbat ikaslerekin batera, eta egia esan zoragarria izan zen. Urte berezi horretaz gain, gainerako Korrika guztien oroitzapen polita dut, beti parte hartu izan dut Korrika egiten.
Manex Eizmendi
Parte Zaharra
“Gure aitona Txillardegi izanik, bilobei eskaini ziguten lekukoa eramateko”
Euskararen alde lanean jarraitzeko ekitaldia da Korrika. Gure aitona Txillardegi izanik, duela urte batzuk zendu zela eta, bilobei eskaini ziguten lekukoa eramateko duela bi urte. Donostian badago liburutegi nagusiari Txillardegi liburutegia deitzeko ekimen bat, eta horren bitartez ari gara eskatzen geure aitonari aitortza batzuk egiteko, eta horien artean Korrikakoek eskaini ziguten lekukoa eramatea. Gure aitona zendu berritan omenalditxo bat ere egin ziguten Parte Zaharrean. Ohorea izan zen guretzat aitona omendu zuten horretan bera ordezkatzea.
Andrea Etxauri
Morlans
“Morlansen euskara sustatzeko modu bat da Korrika”
Niretzat, Korrika emozioa da, eta tresna garrantzitsu bat euskara erdigunean jartzeko. Morlansen euskara sustatzeko modu bat da Korrika, eta orain dela zortzi urte Morlanstarrak auzo elkarteak kilometro bat erosi zuen, eta babes handia izan zuen auzoan. Hurrengo urterako AEK-koei idatzi nien eskatzeko ea Morlansetik ere pasa zitekeen, eta baietz esan ziguten. Jende pila batek parte hartu zuen. Aurreko edizioan eskola aurretik pasa zen, eta hurbiltzeko keinua egin zuten; oso giro polita sortu zen. Korrikaren inguruan zenbait egitasmo ere antolatu izan ditugu; adibidez, Korrikaren simulakroa. Auzoko taldeek auzoan zehar Korrika txiki bat egiten dugu.