Egia 22 Etxebizitza Batzarrak kalteturiko maizterrak babestera deitu ditu herritarrak
Kaleratze arriskuan daude Egia kaleko 22. zenbakiko lau etxebizitzetako bizilagunak –hamabi dira, guztira–. Sareb erakundearenak dira eraikin horretako etxebizitzak, eta ez diete kontratua berritu nahi. Haya Reale Estate enpresa da Sareben kudeatzaile nagusia, Capital Management putre funtsaren parte dena. Egia 22 Etxebizitza Batzarrak bizilagunak babesteko auzo akordioaren berri eman dute udaletxean prentsaurreko baten bidez, eta mobilizazioak iragarri dituzte. Apirilaren 30ean manifestazio bat egingo dute Egian.
Donostiako eta Egiako biztanle guztiei eskatu diete kalteturiko maizterrak babesteko eta finantza erakunde horien jardueren aurrean gaitzespena adierazteko. Oier Moreno eta Jose Esteban Dominguez kalteturiko bizilagunek parte hartu dute prentsaurrekoan. Biek ala biek ziurgabetasun egoera bizi dute, ez dutelako lortzen Sarebekin negoziatzea. Esaterako, Dominguezek adierazi du alokairua %33 igotzeko proposamena egin dietela. Dena dela, kaltetuen artean bada kasu adierazgarri bat. 87 urteko emakume bat egoera irregularrean dago, kontratua bukatu arren alokairua ordaintzen ari delako. “Ez daki noiz jasoko duen gutuna etxetik botatzeko datarekin”, adierazi du batzarrak.
“Sarebi eskatzen diogu kalteturiko pertsonen alokairu kontratuak berritu ditzala orain arteko baldintza beretan”, nabarmendu du batzarrak. Horrekin batera, Donostiako Udalari “exijitu” diote Sarebekin harremanetan jartzeko: “Hutsik eta sailgai dauden bi etxebizitzak eta merkataritza lokala udal jabetzara pasa behar dira, horien izaera publikoa eta etorkizuneko erabilera bermatzeko: alokairu sozialekoak izatea bi etxebizitzak, eta lokala auzo kudeaketarako espazio komunitarioa”. Hain zuzen ere, Eneko Goia alkatearekin eta udal talde bakoitzarekin biltzeko eskaera erregistratu dute udaletxean.
Auzo batzarra
Iazko abenduan Donostiako Maizterren Sindikatuak eta Egia Bizirik auzo elkarteak auzo batzarra egin zuten Egiako Plaza Haundin. Egia kaleko 22. zenbakiko maizterren egoeraren berri eman zieten batzarrean parte hartu zuten 60 bat herritarrei, eta borroka estrategiak garatzeko asmoa agertu zuten. Horiek guztiak auzo akordio batean jaso dituzte. Sinatu duten eragileak ondorengoak dira: Egia Bizirik, Egiako Gazte Asanblada, Antxeta Ttan Ttakun Aisialdi elkartea, Latxaga guraso elkartea, Ttan Ttakun irratia, Ongi Etorri Eskolara, Txondorra, Egiako Azoka Txikia, Gordegia, Egiako Ernai, Maizterren Sindikatua, Aitor Ikastola, Egia Zeinuka, Egia eskubaloia, Trebeska dantza taldea, Porrontxo Jaiak eta Komite Internazionalista.