Ehun mugimenduak "euskal posta zerbitzu propioa" aldarrikatu du

Ehun mugimenduaren arabera, Euskal Errepublika da “egunerokoan eragiten diguten arazo eta kezkak konpontzeko beharrezkoa dugun erreminta”, eta hori aldarrikatzeko, Antiguako eta Egiako kale batzuen izena aldatu dute eta Egian Correos-ek duen egoitzan “euskal posta zerbitzu propioa” aldarrikatu dute. “Gure kaleen izendegia, espainiar monarkia eta erakundeen omenduez, zein gure herrian mendeetan zehar hainbeste kalte eragin duen instituzio katolikoaren aztarnaz josita dago. Hortik hasita eta euskal posta zerbitzu propio baten aldarrikapenarekin jarraituz, murgildurik gauden 78ko espainiar erregimen honetatik hanka egiteko ordua iritsi zaigula ozen adierazi nahi dugu”, esan dute Ehun mugimendukoek.
“Burujabetzan eta autogestioan oinarritutako iraultza bide berri bati aurrez aurre ekiteko prest” daudela adierazi dute, eta jendarteari dei egin diote martxoaren 27an Loiolako Latsarien plazan egingo duten ekimen nazionalean parte hartzeko.