"Alemaniar bat Mallorcara joan daiteke, baina donostiar bat ez; kontraesan bat da"
Pandemia garaiko mugikortasunaren inguruan galdetu diote Eneko Goia alkateari, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Izan ere, Frantziako biztanleak Donostiara etor daitezkeen bitartean, donostiar bat ezin da Frantziara joan. “Gauza batzuk ulertezinak dira. Alemaniar bat Mallorcara joan daiteke, baina donostiar bat ez; kontraesan bat da”, adierazi du Goiak.
Donostiako Udalak ez du eskumenik atzerritarren etorrera neurtzeko. “Udal gisa gure esku dagoena ez da asko. Gaia nazioarteko harremanei dagokie, eta estatuak du horren eskumena. Eman beharreko erantzuna maila horretan dago”, esan du Goiak. Konfinamendu perimetralak egin zirenean, udalak Eusko Jaurlaritzako Barne Sailarekin hitz egin zuen. “Konfinamendu garaian, batez ere, frantziarren bisitarekin, kezkatu egin ginen. Ordea, ezin dugu ezer egin, legala delako beraien etorrera. Halere, Barne Sailak atzerri gaietako ministroarekin hitz egin zuen”.