19 koronabirus kasu positibo Donostian

Intzidentzia metatua 141,45ekoa da gaur. Bost osasun eremutan behera egin du, eta Bidebietan, Egian eta Parte Zaharrean, aldiz, gora.

covid-koronabirusa-pandemia (Argazkia: Beñat Parra)

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 19 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Horrela, intzidentzia metatua 141,45ekoa da gaur. Hainbat astez intzidentzia metatuak behera egin badu ere, martxoaren 12an joera aldatu eta gora egin zuen. Joera gorakorra mantendu da ordutik hona. Izan ere, 138,71koa zen atzo intzidentzia metatua, eta 134,33koa herenegun. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.

Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.

65 urte baino gutxiago dituzten pertsonak txertatzeari ekingo diote datorren astean Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban; AstraZeneca etxearen txertoa jasoko dute. Dagoeneko txertatu dituzte 100 eta 90 urte baino gehiago dituzten pertsonak, eta orain 80 urtetik gorako pertsonak eta hezkuntzako langileak txertatzen daramatzate bi aste. 55 urte baino gutxiagoko pertsonen kasuan, hainbat kolektibori txertoa jartzen ari zaizkie. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekin zion duela hiru aste, Illunbeko zezen plazan abiatu zuen probaldi fasearekin; Anoeta ere txertaketa gune izatea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Bestalde, martxoaren 9tik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal da. Horrela ere, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.

Era berean, Aste Santuan debekatua egongo da autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna. Martxoaren 10ean hartu zuen erabaki hori Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin batera, eta etxeratze agindua 23:00etara luzatzea ahalbidetu dute.

Intzidentzia osasun eremuka

Bost osasun eremutan behera egin du intzidentzia metatuak: Aieten, Amara-Erdialdean, Grosen, Amara Berrin, eta Altza-Rotetan. Gora egin du, aldiz, Bidebietan, Egian eta Parte Zaharrean. Intxaurrondon, Ondarretan eta Loiolan berdin mantendu da:

  • Bidebieta: 180,38
  • Aiete: 168,46
  • Intxaurrondo: 157,73
  • Ondarreta: 155,59
  • Amara-Erdialdea: 132,21
  • Gros: 118,20
  • Amara Berri: 116,91
  • Altza-Roteta: 107,17
  • Egia: 101,45
  • Parte Zaharra: 93,93
  • Loiola: 54,51

Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:

  • Ondarreta: 4
  • Egia: 2
  • Amara Berri: 1
  • Altza-Roteta: 1
  • Gros: 1
  • Intxaurrondo: 1
  • Parte Zaharra: 1
  • Bidebieta: 1
  • Amara-Erdialdea: 0
  • Aiete: 0
  • Loiola: 0
HITZAkide HITZAkide