Ancorak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Planari egindako ekarpen guztiak baztertu dituztela salatu du
Ancora Ondarearen Babeserako elkarteak salatu du udalak onartu berri duen planaren aldaketa "gezur handi bat" dela, eta nabarmendu dute udalak ez duela gardentasunez jokatu.
Egiako San Antonio klinika zaharra (egun, Osalan) ez du babesten udalak, Ancora elkarteak hala eskatu badu ere. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Donostiako Udalak martxoaren hasieran onartu zuen Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB, gaztelaniazko PEPPUC siglekin ere ezaguna) aldaketa, eta ostegun honetan, hilaren 25ean, onartuko du behin betiko. Aldaketaren bidez, 210 eraikin gehiago sartu zituzten babestu beharreko ondarearen katalogoan, baina Ancorak salatu zuen legeak soilik fatxadak babesten dituela, eta baserriak, ondare industriala eta saltokiak ez dituela aintzat hartzen. Horrela, elkarteak ehundik gora eraikin gehiago babesteko proposatu zion udalari, “eskuzabaltasunez eta hobekuntzarako eta elkarlanerako helburuarekin”.
Udalak, ordea, elkartearen proposamen guztiak baztertu ditu, eta Ancoraren ustez, “sinesgaitza eta eskandalagarria da bat bera ere onartu ez izana”. Era berean, gaineratu dute udalaren betebeharra dela alegazio bakoitzaren “azalpen zehatza” ematea, baina deitoratu dute ez dutela halakorik jaso. “Salatu beharrekoa iruditzen zaigu hori, baita administrazio espediente eskuratzeko zailtasunak ere”. Horregatik, udalaren “gardentasun falta” salatu dute.
2017an, planaren aurreko berrikuspenean, 450 eraikin baztertu zituzten eta babesik gabe utzi zituzten, eta Luis Sese arkitektoak zuzendutako talde batek beste berrikuspen bat egin ondoren, udalak 450 eraikin horietako 210 sartu ditu babestutakoen katalogoan. Ancoraren aburuz, ordea, “gezurretazko berrikuspena” izan da, “bulegoetatik” egin dutelako “guneak bisitatu gabe”. “Hainbat etxe historiko suntsitu ondoren, gizartean sortutako kezka baretzeko egin dute”, gaineratu du Ancorak.
Era berean, azpimarratu dute EHOBPB-ean babestutako eraikinen %72ak D mailako babesa duela. Horrela, eraikin osoa bota egin daiteke, baldin eta eraikitzen dutena jatorrizkoaren antzekoa bada. Ancoraren aburuz, hori arazo bat da: “Kultur ikuspegitik, ez du logikarik”.
Ancoraren eskaerak
Mota askotako eraikinak babesteko eskatu dio Ancorak udalari. Bizitegi eraikinei dagokienez, esaterako, udalak 50 gehiago sartu zituen katalogoan, baina Ancorak beste 43 babesteko eskatu zuen. Txalet historikoei dagokienez, Ancorak ondare balioa zuten 319 katalogatu zituen 2017an, baina udalak 123 babestu ditu.
Hainbat ekipamendu ere babesteko eskatu zuen elkarteak, baina udalak ez ditu aintzat hartu, hala nola, Loiolako kuartelak, Egiako San Antonio klinika eta Nazaret zentroa. Ondare erlijiosoan ere hainbat ekarpen egin zituzten, besteak beste, Igeldoko eta Altzako hilerriak. Era berean, industria ondareari ere garrantzia eman behar zaiola deritzote Ancorakoek, eta Oxigrafen eta Richen lantegi zaharrak babesteko eskatu zuen, besteak beste. Bestalde, Donostiako 70 baserritik gora babesteko ere eskatu zuten, “Erbetegirekin eta Txanpuenerekin gertatutakoa ez gertatzeko”. Alegazio horiek guztiak, ordea, baztertu egin ditu udalak.
1813ko erreketaren aurrekoak diren eraikinak babesteko irizpide kronologikoak ezartzeko ere proposatu zuen Ancorak. Horretaz gain, hiriko atari eta saltoki historiko ugari babesteko eskatu zuen Ancorak. Esaterako, 432 atarik babestu beharreko ondarea balioa dutela ondorioztatu zuen elkarteak, baina udalak bederatzi babesten ditu soilik.
Arte Ederrak
Arte Ederren eraikina ere hizpide izan dute, salatu baitute ez dela aintzat hartu Nazioarteko Monumentuen eta Lekuen Batzordeko adituen alegazioa, eta horrela, ez dutela jatorrizko eraikinaren %20 ere mantenduko.

