Kamioi batek istripua izan du bart Iztuetako lanetako galiboarekin
Lanetako galiboaren aurka joan da kamioia. Istripu bat izan da bart Iztuetako zubibidea eraisteko lanetan, garabidun kamioi bat Iztueta kaleko saihesbideko galiboaren aurka joan baita. Udaleko iturrien arabera, lanetan parte hartzen ari den kamioi bat zen, eta “ingurua ezagutzen zuen”. Galibo altuagoa dagoen aldetik joateko esan zioten, baina gidaria nahastu egin zen, eta galibo baxuko aldetik joan zen. Hala ere, arkuak ez du kalte handirik jasan.
Bestalde, duela egun batzuk, garabiarekin zubibideko harrizko bloke bat kentzen ari zirenean, harria desegin egin zen airean zegoenean, eta kalera erori zen. Ez zen ezer larririk gertatu, baina ordutik, Adif eta udala bilerak egiten ari dira, halako gertakariak saihesteko eta inguruko zirkulazioaren segurtasuna bermatzeko.
Horrela, garabi handiago bat jartzeko eta eraisketa lanetan esku hartze puntu gehiago ezartzeko aukera aztertzen ari dira. “Garabien mugimendua hortik dator, baina oraindik ez da ezer zehaztu”, adierazi dute udaleko iturriek.


