Martutenek uholdeei aurre egiteko ibilguaren zabalera egokia du dagoeneko
Urumeako uholdeei aurre egiteko bigarren faseko lanak aurrera doaz. Martuteneko eta 27 industrialdeko zubien arteko ibilgua zabaltzeko lanak bukatu ditu Uraren Euskal Agentziak. Kilometro erdiko tartean, ibaiaren ibilguak 45 metroko zabalera du dagoeneko –20 metro gehiago–. Martuteneko lanak bisitatu dituzte gaur Eneko Goia alkateak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak. Bisitan ere parte hartu dute Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak eta URAko zuzendari Antonio Aiezek.
“Leku honetan ibaia ez zen ikusten, eta ez genuen begiratu nahi. Arazo eta nahigabeen leku bat zen. Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako bizilagunek oroitzapen txarrak dituzte. Orain ibaia berreskuratu dugu, eta beldurrik gabe begiratu dezakegu”, adierazi du Goiak. Lanak asko aurreratu direla gaineratu du, eta ibaian zeuden oztopo hidrauliko gehienak kendu direla, bat izan ezik: “Kuartelekin loturiko Alfonso XIII.aren zubia edo Urdintzuko zubia da aldatzea falta den traba hidrauliko bakarra. Ez dute ezer egin orain arte, eta espero dut aurten akordioa lortzean egin beharrekoa egingo dugula”.
Sarrueta pasealekua
Urumearen zabaltze gehiena Sarrueta pasealekuan aldean egin dute. Ibilgua zabaltzeko 120.000 metro kubiko lur eta harri hondeatu zein garraiatu dituzte. Lanak aurrera eramateko, lurren bi desjabetze egin dituzte pasealekuan, eta han zeuden baserriak eta Vertiz Motor kontzesionarioa eraitsi dituzte. Horrekin batera, Sarrueta pasealekuko Lazunenea baserriaren karobia lekuz aldatu dute. Harriz harri desmuntatu eta metro batzuk beherako berreraiki dute.
Urumea zabaltzeko lanekin batera, hirigintza hobekuntzak egiten ari dira ingurunean. 27 industrialdeko biribilgunea eta Martutene auzoa berriz lotzen duen bidea eraikitzen ari dira, baita ere industrialdeko zubiaren parean bukatzen den oinezkoentzako pasealekua ere. Horien ondoan, parke lineal txiki bat egingo dute, uraren mailara iristeko bi harmaila dituena.
Lehen fasean ez bezala, bigarrenean ez dute zubirik ordezkatu behar izan. 27 industrialdeko zubia diseinatzerakoan, ibilguaren 52 metroko zabalera aintzat hartu zuten. Beraz, berriki egin duten ubideratze berriaren zabalerarekin bat zetorren