Arte Ederren eraikinari eman dioten babes maila berriak eztabaida sortu du
Donostiako Udalbatzak behin betiko onartu du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren aldaketa –PEPPUC izenez ezaguna–, martxoko udalbatzarrean.
EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute, EH Bildu eta PP abstenitu dira, eta Elkarrekin Donostiak kontrako botoa eman du. Arte Ederren eraikinari ezarri dioten babes maila berriarekin kritiko azaldu dira oposizioko hiru alderdiak. Ancora elkarteko hainbat ordezkari udal batzar aretoan izan dira eraikina babestearen aldeko pankartekin.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eman ditu plan bereziaren aldaketaren xehetasunak. Espediente “txukuna” dela nabarmendu du, eta “juridikoki berme guztiak” dituela. Aldaketari aurkeztutako zuzenketa gehienak baztertu direla esan du, eta udalbatzarrean bozkatu diren oposizioko udal taldeen zuzenketa bakar bat ere ez dute onartu. Zentzu horretan, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk salatu dute zuzenketak aurkezteko hamabost egun izan dituztela, eta ez dutela nahikoa denbora izan elementuen fitxak aztertzeko.
Arte Ederren eraikinari dagokionez, egungo babes mailaren antzekoa izango du –C mailatik ez da B mailara pasa–, nahiz eta oposizioak adierazi jabearen interesen araberako moldaketa egin duela udal gobernuak. Marisol Garmendia sozialisten bozeramaileak, ordea, eraikina babesteko neurriak hartu dituztela azpimarratu du. “Fatxadak eta irudia mantenduko dira, baina erabilgarritasuna emanez eraikinari”, adierazi du Garmendiak. Horrekin batera, Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziari egotzi dio Hirigintza zinegotzi zenean Arte Ederren eraikina botatzeko asmoa agertu zuela. Burutaranek hori ukatu, eta EH Bilduk eraikina botatzeko asmorik sekula ez duela izan nabarmendu du. “EAJ, PSE-EE eta PP izan ziren udal batzar areto honetan, mozio baten bidez, zeharka bada ere, eraikina botatzea proposatu zutenak”, esan du Burutaranek.
1310 elementu
Katalogo berriak 1310 elementu jasoko ditu, behin 210 elementu berriak sartuta. Eta elementu berri horiek sartzeko hainbat irizpide jarraitu dira, hain zuzen ere, etxeen paisai-balioa eta interes kolektiboarekin lotura zuzena duten irizpideak. Planak 210 elementu berri jasotzen ditu, eta horietatik 150 etxeak dira, batez ere XX. mendearen lehen hamarkadetan eraikitako etxeak. Eta etxe horiek dentsitate gutxiko hainbat eremutan daude.
Era berean, 50 bizitegi-eraikin inguru katalogatu dira, baita hainbat motatako 10 eraikin berezi ere, besteak beste, hainbat komentu eta beste hainbat eraikin edo gune berezi. Gainera, 15 bizitegi-eraikinen babes maila handitu da, eta beraz, C mailan egotetik B mailara pasa dira.
Ondarearen Aholku Batzordea sortuko dute katalogoa aldatu ahal izateko modu aurreratu batean, elementu berriak sartuz edo ateraz. Aholku batzordearen lana izango da Udalari informazioa eta aholku ematea Hirigintza Ordarearen gainean. Batzorde hau organo partehartzailea izango da eta segidakoek osatuko dute: kualifikazio handiko pertsonala – dagokion titulua dutenak eta ondare arkitektoniko alorrean esperientzia dutenak –, baita beste hainbat alorretako ordezkariak ere, esaterako, Arkitektura eta Historiako unibertsitate irakasleak, arkitekturako profesionalen kolektibo edo elkargoak, eta Hiriko Ondarearekin lotura duten elkarteak.
Horrez gain, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak artikulu berria izango du, B, C eta D mailako etxe-aurrealdetako birgaitze energetikoa arautzeko. Hortaz, baimena emango zaie kanpoaldean isolamendu sistema termikoak erabiltzeko harrizkoak ez diren etxeei, eta beti, aldez aurretik eskatuta eta eraikinaren balio historiko, arkitektoniko eta konstruktiboaren txostena aurkeztuta, egingo den obraren azterketa teknikoa eginda, eta PEPPUC delakoa betetzeaz arduratuko den arkitektuaren aldeko txostena izanda.