Emakume bat hil da Intxaurrondon sute batean, eta zazpi pertsona ospitalera eraman dituzte
Sute bat piztu da bart Intxaurrondoko Garro kaleko 1. zenbakian, eta 62 urteko emakume bat zendu da. Era berean, suhiltzaileek eraikin osoa hustu behar izan dute, eta zazpi pertsona ospitalera eraman dituzte zauriengatik.
Suhiltzaileek 00:24ean jaso dute abisua, eta 00:32ean gertakariaren lekuan zeuden; 03:24ean bukatu dute esku hartzea. Eraikinak lau solairu ditu, eta hainbat bizilaguni ostatu eman behar izan die udalak, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuen bidez; hain zuzen, sei pertsonari Amara Plaza hotelean eman diete ostatua. Lehenengo eta bigarren solairuetako A eta B ateetako bizilagunak euren etxeetara itzuli ahal izan dira.
Sutea hirugarren solairuko C ateko etxebizitzan piztu da, baina oraindik ez dago argi zerk eragin duen. Erietxera eraman dituzten zazpi pertsonak eraikinaren bi fatxadetatik erreskatatu dituzte. Laugarren solairuko A atekoa aldiz, ezin izan dute erreskatatu, eta hil egin da. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, hildako emakumea “eskaileretatik irteten saiatu zen, baina eskailerak tximinia bat ziren”. Era berean, alkateak gertakaria deitoratu du: “Zoritxarrezko gertakaria izan da”.