Maialen Berasategi Catalanek irabazi du IV. Poesia Lehiaketa
Poesialdia jaialdiaren egitarauaren baitan, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egin dute Udal Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan. Gasteizko Maialen Berasategi Catalan izan da irabazlea.
Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua, ogibidez zuzentzailea eta itzultzailea Berria egunkarian. Zenbait liburu euskaratu ditu: literaturan, Rebecca Westen Soldaduaren itzulera eta Adrienne Richen poema bilduma bat. Hauxe izango du lehen sormen lana.
Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da, horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu diote, eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan sarituak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.
Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Donostia Kultura Poesia Lehiaketa. 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin. Bigarrena 2019an egin zen, eta Gorka Salcesek eskuratu zuen saria Iraganaren izterrak obrarekin; finalista izandako Elena Olavek Zeldak poema liburua kaleratu zuen geroago. Iaz, 2020an, Lizar Begoñak lortu zuen Aro beilegia poema liburuarekin III. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren saria.