Publizitate instituzionala euskarazko hedabideetan berdintasunez kontratatzea eskatu du EH Bilduk
Donostiako Udalaren publizitate instituzionalaren kontratazioaren inguruko mozioa aurkeztu du EH Bilduk martxoko udalbatzarrean. Udal gobernuari eskatu diote gaztelaniazko hedabideetan adina publizitate espazio kontratatu ditzala euskarazko bi hedabideetan. “Bi hizkuntza ofizial izanik, mezuak bi hiztun komunitateri helarazi behar dizkio”, nabarmendu du EH Bilduko zinegotzi Zigor Etxeburuak. EAJk eta PSE-EEk mozioaren kontra bozkatu dute.
Gaztelaniazko eta euskarazko hedabideetan udalak jartzen duen publizitate instituzionalaren “desoreka” azaltzeko adibide bat jarri du Etxeburuak. “Batzordean emandako datuen arabera, 2020an 45.000 euro jaso zituen ‘El Diario Vasco’-k publizitatearen truk, eta ‘Berria’ egunkariak 2.000 euro besterik ez”.
EH Bilduren ustez, “funtsezkoa da” Donostiako Udalak euskarazko hedabideei adieraztea “erdal hedabideei adinako begirunea”, eta erdaldunekiko “trataera profesional berdinarekin” jardutea euskarazkoekin. “Argi adierazten dugu euskarazko hedabideetan publizitate instituzionala jartzeko beharkizuna ez dela eratortzen pluraltasunaren irizpidetik bakarrik, baizik eta bi hizkuntza ofizial dituen lurraldeko hiztun komunitate euskaldunari zerbitzu publiko berdinak emateko obligaziotik ere”, azaldu du Etxeburuak. Horiek horrela, ekimen bat abiatuko dute udalez gaindiko erakundeetan, “tokiko erakundeen publizitate instituzionalaren nolakoa zehazten duten araudiek kontuan har dezaten bi hizkuntza ofizial izatetik eratortzen den beharkizun hori”.
Jon Insausti Euskara zinegotziak adierazi du publizitate instituzionala “arautua” dagoela, eta udalak legea betetzen duela. Horrela ere, “gehiago eragiten” saiatuko direla gaineratu du. “Horretarako sortu dugu Hedabideen Agentzia, euskal hedabideetan publizitatea txertatzeko. Egoera hobetzen saiatzen ari gara tokiko hedabideek ere diru laguntza zuzenaz gain, publizitatea ere jasotzeko”.