Udal gobernuak baztertu du metroko lanen azterketa geotekniko independente bat egitea
Satorralaiak eskatuta, Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztu dute gaur egin den martxoko udalbatzarrean. Easo-Mirakontxa zatiaren bigarren lizitazioa gelditzeko eskatu dute, erakunde independente batek metroaren lanak hirigunean eta eraikinetan izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketa geotekniko bat egin arte. EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak mozioaren kontra bozkatu du. Satorralaiako hainbat ordezkarik protesta egin dute udal batzar aretoan.
Metroko lanen gardentasuna eta segurtasuna bermatzeko eskatu dute Garbiñe Alkiza EH Bilduren zinegotziak eta Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak. Era berean, azpimarratu dute eztabaida ez dela “metroa bai ala ez”. Kontxa azpian egindako lanek Zubieta kalean eragindako bi zuloak eta afekzioak aztertzeko ikerketa da eskatu dutena. Obra udalaren eskumenekoa ez den arren, segurtasuna bermatzea badela ohartarazi dute Alkizak eta Aranetak.
Sozialistek ez dute hitza hartu, baina bai Eneko Goia alkateak jeltzaleen izenean. “Batzordeetan erantzun nizuen, eta ez daukat askoz gehiago esateko. ETS da lanetan gertaturikoa agerian jarri duena, eta beraiek dira lanak gelditu dituztenak. Irtenbide berriak proposatu dituzte, eta lanek aurrera jarraitzeko adjudikazio berri baten atarian gaude. Datorren hilabetean lanekin berriz hastea aurreikusten da”, azaldu du Goiak. Horrekin batera, oso kritiko agertu da mozio aurkeztu duten bi udal taldeekin: “Behin eta berriz ekartzen duzue hona gai hau. Udalari ez dagozkion gauzak mahai-gainean jarri nahi dituzue. Zuen posizionamendua donostiarren kontrakoa da, beraiek aprobetxatuko dutelako zerbitzu publiko hau”.