Arkansasen landatutako Edengo Lorategia
Sundancen estreinatu eta Epaimahaiaren zein Ikusleen sariak eskuratu eta gero, aurtengo faborito eztabaidaezintzat ezarri izan da Minari (2020), A24 ekoiztetxeak hauspotuta gurera ailegatu berri den filma. Golden Globes sariketan izandako polemika eta gero, non ekoizpen estatubatuarra izan arren hizkuntzaren aitzakiarekin (korearrez mintzatzen dira protagonistak ia film osoan zehar) Atzerriko Film Onenaren sailean lehiatu zen; Oscar sarietan sei izendapen jaso ditu Minari-k, haien artean Film eta Zuzendari Onenarenak.
Modu semiautobiografikoan, 1980ko hamarkadako Arkansasera garamatza Lee Isaac Chungek, bihotzeko zailtasunak pairatzen dituen David txikiaren begiradarekin bat eginez. Davidek eta Koreatik migratutako bere familiak amets amerikanoaren zirrarak marraztutako bide lohitua ibili beharko dute eta ezerezaren erdian kokatzen den etxe gurpildunetik bizitza oparoagoa amestu.
Zorionez, familiarteko frustrazio, desengainu eta lanaldi luzeen pisua arintzera (edo arintzen saiatzera) helduko da Koreatik amona. Youn Yuh-jungk maisuki interpretatzen duen amonaren pertsonaiak freskotasun apurtzailea eskainiko dio egunerokotasun neketsu eta lauari. Izan ere, Davidek berak dioen lez, hura ez baita “benetako amona”, hura ez da ohiturak agintzen duen moduan kozinatu, zaindu eta isiltzen den horietakoa. Alde horretatik, filmaren doinu gatzgabearen kontrako erremedio gisa, ikusleak ere eskertuko du, seguru asko, amonaren bizitasunak dakarren pizgarria.
Drama geldoa da Minari, uztaren eskakizunen zein erroak botatzeko beharrezkoa den denboraren arabera hazten dena. Organikotasun horixek betetzen du filma edertasun hunkigarriz, esate baterako, giza auziak elementu naturalei hertsiki lotuz. Hartara, urruneko aberriarekiko lokarri bihurtzen dira lurra eta landareak, baita sukaldaritza edo amonaren usaina ere.
Era horretan umotzen da, sentsibilitate eta sentsualtasun handiz, mingarria bezain samurra gerta daitekeen istorio hau, aurrera egiteko zailtasunen gainetik familiaren garrantziaz diharduena, beharbada tolesgabetasun handiegiz. Argazkilaritza lan fina eta David eta amonaren harreman berezia izan ditut nik gogokoenen; baita, nola ez, bost aktore protagonistak ere. Alde horretatik izugarria da Alan S. Kim (David) eta Noel Kate Cho (Anne arreba) gazteen gaitasuna, gozamen hutsa baita haien interpretazioa.
Udako argi izpi beroek kulunkatzen dituzten ibaiertzeko minari landareak leku anitzetan hazi daitezke, ingurunera doitzen dira eta prestaketa mordoetan izan daitezke erabiliak. Landarearen onura horien guztien antzekoak dira, nire ustez, Chungen asmoak film honekin: nostalgiaz betetako erremedio ederra sortu du, askotariko ikusleentzat erakargarria izan daitekeena eta, hala ere, bere esentzia galtzen ez duen horietakoa.


