Donostiako bandera Kopako finalera eramango du Realak
Apirilaren 3an Realak eta Athleticek Sevillan jokatuko duten Kopako finalari begira, Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu. Lehena, gaur goizean egin dute udaletxearen aurrean. Eneko Goia alkateak, udal taldeetako bozeramaileekin batera, Donostiako bandera eman dio Jokin Aperribai Realeko presidenteari. Era berean, Aperribaik Realaren bandera eman dio alkateari.
Astean zehar Gipuzkoako hainbat udalerritan banderak jaso ditu talde txuri-urdinak, eta Donostiakoa izan da azkena. Bandera hauek guztiak Sevillara joango dira, finalean taldeari lagundu ezin dioten zale guztien izenean.
Udalak Erreal Olé! izeneko kanpaina ere abian jarri du. Hitz-joko horrekin, umorea eta topiko batzuk erabiliz, udalak keinu bat egin nahi dio zaleen kantu ezagun bati, bai eta partida jokatuko den lekuari ere. Kanpaina honen bidez, Udalak zaleen eskura jarri ditu hainbat “sticker”, sare sozialetan eta plataforma digitaletan erabiltzeko. Elementu grafiko horiek eskuragarri egongo dira donostia.eus/errealaole estekaren bidez edo #errealaole, #donostia edo #realsociedad bezalako gako-hitzekin bilaketa eginez plataformetan.
Gainera, astean zehar, udaletxearen fatxadak argiztapen berezi bat izango du, txuri-urdina, ilunabarrean nabarituko da, hiriak bere taldeari ematen dion babesaren sinbolo gisa.