Iztueta kaleko bizilagunek pasabidea eraisteko lanak laster amaitzea nahi dute
Gros eta Egia arteko pasabidea eraisteko lanek eragiten duten zaratak, hautsak eta dardarak kalte egiten die Iztueta kaleko bizilagunei. Hala ere, askok begi onez ikusten dute egiten ari diren aldaketa. Beste batzuek, ordea, bestelakoa egingo lukete kalea.
Iztueta kaleko pasabidea 1944an eraiki zuten, eta ia zortzi hamarkada beranduago, eraisten ari dira. Zubibide azpiko arku enblematikoak ez dira paisaiaren parte dagoeneko. Egitura zaharra guztiz desagertzean, pilote pantailak egingo dituzte, eta trenbidearen azpiko bide berria eraikiko dute. Azken fasea abuztura arte luzatuko da.
Iztueta kaleko etxeak, ordea, pasabide zaharra baino lehenagokoak dira – ehun urte inguru dituzte –, eta arkuak desagertu eta gero ere hor jarraituko dute, baita bizilagunek ere.
Maite Bidarte da bizilagun horietako bat: udan bi urte beteko dira Iztueta kalean alokairuan bizitzen jarri zenetik, bi lagunekin. Bere iritziz, pasabideko lanak ez dira beharrezkoak: “Zubi hori polita zen; enblematikoa zen, gainera. Bronx itxura ematen zion auzoari, eta guk ez genuen inolako arazorik zubi horrekin. Are gehiago, iruditzen zait xarma izateaz gain, eman ahal zitzaizkiola bertze erabilpen batzuk. Adibidez, egin zitekeen eskalada-murru publiko bat”.
AEKren Irrintzi euskaltegia Iztueta kalean dago, eta Aitziber Otegi irakaslearen arabera beharrezkoa zen aldaketa: “Oso leku iluna zen, arriskutsua. Egunez ere oso zati ilunak zituen arkuen azpiko pasabideak. Hor bazegoen bizikletak lotzekoa, baina lekuz aldatu behar izan zuten bizikleta asko lapurtzen zituztelako, ezkutuan geratzen zelako”, azaldu du. Bat dator Txema Rodriguez bizilaguna; droga-salerosketa ere bazegoela esan du: “Arkupeetan droga-salerosketa ikusten zen, eta behar zuen berrikuntza bat. Nik etxean egonda ikusten nuen: pertsona batek zerbait uzten zuen, eta gero beste bat pasatzen zen bila”. Begoña Zatarainek 32 urte daramatza Iztueta kalean bizitzen, eta “pixa toki” bat zela salatu du.
Eraisketa lanen kalteak
Hainbat bizilaguni pasabidea eraistea ondo iruditzen bazaie ere, eraisketa lanek bizi-kalitateari kalte egiten diela salatu dute. Batetik, zarata dago: “Gauez egiten ari dira lan: 23:00etan hasten dira, eta batzuetan 05:00ak arte egoten dira; eta 08:00etan hasten da hurrengo txanda. Nik batzuetan ezin dut lo egin, zarata ikaragarria egiten dutelako”, salatu du Rodriguezek.
Bestetik, eraisketa lanek hauts asko sortzen dutela salatu du Bidartek, eta etxe barruan sartzen dela batzuetan. “Etxeak dar-dar egiten du, eta arrakala batzuk sortu dira”, gehitu du Maite Bidartek.
“Gros amesgaizto bat bazen aparkatzeko, orain ez duzu imajinatzen ahal”, adierazi du Bidartek. Bat dator Rodriguez: “Aparkalekuak kendu dizkigute, eta udalak ez digu soluziorik eman. Grosen aparka dezakegula esan digute…”.
Joseba Orbegozo Aida ostatuko jabea da: “Lehenengoetarikoak izan ginen Iztueta kalean ostatua jartzen”, esan du. Hogei urte daramatza Iztuetan, eta kaleak aldaketa bat behar duela uste du Orbegozok, eta horregatik, lanak “jasateko” prest dago: “Toki guztietan bezala, obrek daukate beraien traba koskorra, baina jakinda obrak gure hoberako izango direla, jasateko prest gaude. Bezeroen aldetik ez dugu inolako kexurik izan”.
Langileak “oso ondo antolatuta” daudela uste du Orbegozok, eta “lan txukuna” egiten ari direla. Bat dator Zatarain: “Ordu pila bat lan egiten ari dira, eta oso ondo”, adierazi du.
Bidartek, berriz, komunikazio falta nabaritu duela salatu du: “Ez genekien noiz hasi behar ziren obrak, zein egunetan egin behar zuten lan, noiz arte egin behar duten…”.
Griffin Halpern Iztueta kaleko bizilaguna da, eta kaleak aldaketa bat behar zuela uste badu ere, “aukera on bat galdu” dute, bere ustez: “Eremu berdeak eta oinezkoentzako espazioak galtzen ari gara, eta errepide gehiago egiten ari dira. Nire ustez, errepide gutxiago izan beharko genituzke eta espazio libre gehiago oinez eta bizikletan ibiltzeko. Iztueta kalean lehentasuna oinezkoek izatea gustatuko litzaidake, eta ez autoek. Pasabidea zegoen espazioa autoentzat izatea ez zait gustatzen”, aitortu du.
Argitasuna nabari dute dagoeneko
“Kalea asko hobetuko da, eta gehienbat behean dauden solairuetako bizilagunek nabarituko dute. Aurreko batean lehen solairuko bizilagunei esan nien: ‘Zer zaudete, eguzkitako betaurrekoekin etxean, ala?’. Argitasun askoz gehiago dago”, azaldu du Begoña Zatarain bizilagunak.
Argitasunaz gain, zabaleran ere hobetu dute, Rodriguezen ustez: “Orain epaitegia hobeto ikusten dugu, eta tren geltokia oso ondo ikusten da”.
Bizilagunen intimitatea areagotuko dela ere uste du Rodriguezek: “Autoak etxe aurretik pasatzen ziren, eta dena ikusten zen. Orain intimitate gehiago daukagu”.
Otegiren arabera, Irrintzi euskaltegiari ere mesede egingo dio, urrutiagotik eta hobeto ikusiko delako euskaltegia kaletik.