"Loiolako bizilagunen zenbait behar bete ditzake kuartelen eraikinak"
Ehun mugimenduak Loiolako kuartelen aurrean mobilizazioa egingo du bihar, 1978ko erregimena salatzeko eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko. "Oso zehatzetik hasten gara eskaera globala egiteko", azaldu du Unai Apaolaza Ehun mugimenduko kideak.
Zergatik mobilizatuko zarete martxoaren 27an?
1978ko erregimena salatu nahi dugulako. Uste dugu erregimenaren logika oso sinplea dela: elite politiko, ekonomiko eta kultural bat lehenestea, kasu honetan, espainiarra. Iruditzen zaigu erregimena ezin dela konpondu: erreformagaitza da. Erregimen horrek ez digu soilik autodeterminazio eskubidea edo subiranotasun nazionala ukatzen; beste burujabetza asko ere ukatzen dizkigu: emakumeena, linguistikoa, etxebizitzarena… Subirautza asko ukatzen dituen sistema da.
Eta zergatik egingo duzue protesta Loiolako kuartelen aurrean?
Kuartelean ikusten dugu badaudela elementu batzuk oso agerian uzten dutena 1978ko erregimena. Alde batetik, militarrak daude: nazio espainolaren bermatzaileak. Beste alde batetik, pelotazo urbanistiko bat dago: diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko 1978ko erregimenak jartzen duen mekanismoa. Nahiz eta legala izan, lapurreta bat da. Hirugarrenik, ez da galdetzen: hemen egiten da elite batek nahi duena eta kitto. Ez da galdetu zer nahiko lukeen Loiolako auzoak edo Donostiako herriak horko eraikin horretan. Zuzenean bota egingo dute eta 1.700 etxebizitza egingo dituzte: irabazten ateratzen direnak dira 1978ko erregimenean goxo- goxo dauden horiek. Alderdi politiko jakin batzuk eta militarrak.
Eraikinari zein erabilera emango zeniokete?
Badago 1978ko erregimenarekin lotuta dagoen hirigintza mota bat: bota eta egin, zenbat eta diru publiko gehiago xahutu, orduan eta hobe. Hor badago eraikin bat Loiolako bizilagunen zenbait behar bete ditzakeena, ahalik eta gutxiena eraberrituta. Etxebizitza sozialak egiteko, kiroldegi bat egiteko edo beste edozein erabilera publiko emateko.
Nola uztartzen dira Euskal Errepublika eta Loiolako kuartelean erabilera publikoko espazio bat proposatzea?
Guretzat oso logikoa da eta urteak daramatzagu hori egiten. Badakigu ez dela ohikoa, independentismoaren barrutik ere ez da lotura hori ere egiten: eskatzen zaio Espainiari edo beste ez dakit zein aginteri konpondu dezala hori. Non eta Estatu Espainiarraren barruan. Gure iritziz, ezinezkoa da egiturazko arazoak Espainiar Estatuan konpontzea, 1978ko erregimeneko ideologia edozein xehetasunetan agerian geratzen delako. Ideologia horrek beti lehenetsiko ditu elite txiki baten pribilegioak, eta horiek oinarrituko dira gizartearen gehiengoari burujabetzak kentzean. Hori aldatzeko Euskal Errepublika ezinbestekoa dela uste dugu.
Nolako Euskal Errepublika nahi duzue?
Nolako independentismoa edo errepublikanismoa, halako estatua, hori lortzen denean. Hori horrela izan da leku guztietan: ez da perfektua izango, baina hau baino hobea seguru. Hemen independentismoak balio sozialak ditu, jendartearen gehiengoaren ongizateari begiratzen dio. Independentismoa hor oinarritzen bada, estatua sortzean antzekoa izango da.
Nola sortu da Ehun mugimendua?
Duela bost urte inguru hasi zen Antiguan, ikusten genuelako eguneroko arazoetatik abiatuz ez zela Euskal Errepublika baten beharra justifikatzen, eta horrekin hasi ginen. Zergatik ez Euskal Errepublika? dinamikatik sortu zen. Antiguako edozein arazoren aurrean zenbait ekintzaren bitartez Euskal Errepublikaren beharra plazaratzen hasi ginen. Oso zehatzetik hasten gara eskaera globala egiteko. Pixkanaka handituz joan da, eta jendea antolatzen da ekintza zehatzak egiteko. Guk ekintzei erabateko lehentasuna ematen diegu: ekintzarik ez badago Ehun ez dago. Ekintzak dira guretzat entzuten ez diren diskurtsoak plazaratzeko modu bat.
Kuartelen aurrean egingo duzuen ekintza nolakoa izango da?
Guk egiten ditugun mobilizazioak ez dira betikoak: jendea parte sentitzea nahi dugu. Loiolako Latsarien plazan hasiko dugu ekintza, 12:00etan, eta kuarteleko zubira joango gara: Euskal Errepublikaren izenean kuartela utzarazteko agindua emango diete militarrei intsumiso izandakoek. Logika desberdinen arteko talka irudikatu nahi dugu: beraiek uste dute guri agintzeko ahalmena dutela, eta guk ez diogu inolako legitimitaterik onartzen. Lurra, ura eta airea hartuko ditu ekintzak. Teatro bat izango da.