Martutenek uholdeei aurre egiteko ibilguaren zabalera egokia du dagoeneko
Urumeako uholdeei aurre egiteko bigarren faseko lanak aurrera doaz. Martuteneko eta 27 industrialdeko zubien arteko ibilgua zabaltzeko obra bukatu du Uraren Euskal Agentziak.
Kilometro erdiko tartean, Urumearen ibilguak 45 metroko zabalera du orain –20 metro gehiago–. Ibaiaren zabaltze gehiena Sarrueta pasealekuaren aldean egin dute. Ibilgua zabaltzeko, 120.000 metro kubiko lur eta harri hondeatu eta garraiatu dituzte.
Martuteneko lanak bisitatu zituzten herenegun Eneko Goia alkateak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak. «Leku honetan ibaia ez zen ikusten, eta ez genuen begiratu nahi. Arazoen eta nahigabeen leku bat zen. Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako bizilagunek oroitzapen txarrak dituzte. Orain ibaia berreskuratu dugu, eta beldurrik gabe begiratu dezakegu», adierazi zuen Goiak. Lanak asko aurreratu direla gaineratu zuen, eta ibaian zeuden oztopo hidrauliko gehienak kendu direla, bat izan ezik: «Kuartelekin loturiko Alfonso XIII.aren zubia edo Urdintzuko zubia da aldatzea falta den traba hidrauliko bakarra. Ez dute ezer egin orain arte, eta espero dut aurten akordioa lortzean egin beharrekoa egingo dugula».
Lanak aurrera eramateko, lurren bi desjabetze egin dituzte pasealekuan, eta han zeuden baserriak eta Vertiz Motor kontzesionarioa eraitsi dituzte. Horrekin batera, Sarrueta pasealekuko Lazunenea baserriaren karobia lekuz aldatu dute. Harriz harri desmuntatu eta metro batzuk beherako berreraiki dute.
Hirigintza hobekuntzak
Urumea zabaltzeko lanekin batera, hirigintza hobekuntzak egiten ari dira inguruan. 27 industrialdeko biribilgunea eta Martutene auzoa berriz lotzen duen bidea eraikitzen ari dira, baita industrialdeko zubiaren parean bukatzen den oinezkoentzako pasealekua ere. Horien ondoan, parke lineal txiki bat egingo dute, uraren mailara iristeko bi harmaila izango dituena.