"Umemoko bat nintzen 1980ko hamarkadan, beraz, hau da nire belaunaldiaren Kopa"
Oso gaztea bazen ere, Joserra Berasategi Txirrita lagunarteko presidenteak ondo gogoratzen ditu 1980ko Realaren garaipenak. Hala ere, bere belaunaldiaren finala datorren astekoa dela dio, eta Athletic menpean hartzeko gogoz dago. Duela bi urte neskek irabazitako Kopa oso presente dauka, eta argi dauka mutilek ere irabaziko dutela.
Nolakoa izan zen iazko Kopa zuretzat?
Oso polita izan zen. Mirandan egon nintzen finalerdietan, eta etxeko partida guztiak ere Anoetatik ikusi nituen; oso ondo pasa nuen. Taldeak erakutsi zuen oso ondo zegoela, eta pena da finala zegokionean jokatzerik egon ez zela.
Hala ere, zuk gogoratzen dituzu Arconadaren garaiko garaipen batzuk, ezta?
Bai, 1979koa naiz, eta 6 urterekin Realeko bazkide nintzen dagoeneko. Arconadak futbola utzi zuenekoa, adibidez, ondo gogoratzen dut. Bestalde, 1987ko eta 1988ko Kopak ondo gogoratzen ditut: 1987koan, aitaren kuadrillarekin ikusi nuen finala, etxe ondoko tabernan, eta primeran gogoratzen dut nola ospatu genuen. Hala ere, umemoko bat nintzen 1980ko hamarkadan, beraz, hau da nire belaunaldiaren Kopa.
Nola bizi zenuen duela bi urteko nesken finala?
Granadan egon nintzen, eta ederra izan zen. Momentu politena taldeari egin zitzaion harrera izan zen. Nik harrera asko egin dizkiot mutilen taldeari, baina neskek harreran zituzten aurpegiak ez ditut inoiz ikusi beste jokalarietan, benetan esaten dizut. Finaleko unerik hunkigarriena izan zen.
Atletiko Madril zen faborito nabarmena, eta nire ustez, harrera horrek motibazioa areagotu zien. Ez dut esango horregatik irabazi zutela, baina zaleei hutsik ez egiteko, ziur beste adore batekin atera zirela zelaira.
Imajinatzen duzu bi urtetan bi Kopa irabaztea?
Bi talderekin hain denbora tarte txikian bi Kopa irabaztea historikoa izango litzateke. Ea mutilek ere Kopa Donostiara ekatzen diguten!
Finala eta derbia, ezin da bereziagoa izan.
Oso berezia da, zalantzarik gabe. Hala ere, derbia izan edo ez izan, guk irabazi egin nahi dugu, hori da helburu bakarra.
Athleticek beste final bat du handik gutxira. Hori ere kontuan izan behar da, ezta?
Beraiek adarra jotzen digute, esanez hamabost egunetan final gehiago irabazi ditzaketela guk 100 urtetan baino. Guk, ordea, ahal diegu esan hamabost egunetan guk 100 urtetan bezain beste final galdu ditzaketela [barrez]. Edalontzia erdi beteta edo erdi hutsa ikus daiteke.
La Cartujara joatekoa zinen?
Bai. Bidaia antolatuta genuen, eta hotela ere erreserbatuta, baina, azkenean, dena bertan behera utzi behar izan genuen. Lehenengo gauza osasuna da, eta espero dezagun hemendik gutxira futbolak horrelako beste aukera bat eskaintzea.
Zer plan daukazu finalerako?
Egoera honekin, etxean ikusi beharko dugu, ez dago beste aukerarik. Ondo afalduko dut familiarekin, eta espero dezagun gol asko ospatzea.
Final giroa atzematen duzu Donostian?
Jendea ilusioz eta konfiantzarekin dabil, eta pentsatzen dut finalaren eguna hurbiltzen den heinean gero eta giro gehiago egongo dela.
Zein izango da finaleko emaitza?
1-3 irabaziko dugu. Eta, nire ustez, Realeko golegileak Oiartzabal, Isak eta Merino izango dira.