Enrique Cuesta eta Antonio Gomez omendu ditu udalak
Donostiako Udalak Enrique Cuesta eta Antonio Gomezen omenezko bi plaka jarri zituen atzo, Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak 1982an egindako atentatu batean erail zituen lekuan. Hauekin hamaika dira udalak jarri dituen plakak, Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko egitasmoaren barruan.
Antso Jakituna hiribideko 22. zenbakian egin zuten omenaldia, eta beste ekitaldietan bezala, xumea izan zen. Eneko Goia alkateak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartu zuten, bi biktimen senideekin batera.
Enrique Cuesta Jimenez, 54 urtekoa, eta Antonio Gomez García, 24 urtekoa, 1982ko martxoaren 26an suzko armaz egindako atentatu baten ondorioz hil ziren. Cuesta, Telefonicako ordezkaria Donostian, momentuan hil zen, eta Gomez, polizia nazionala eta Cuestaren eskolta, bost egun beranduago hil zen.