Loiolako kuartelak uzteko agindu diete militarrei
Ehun mugimenduak Loiolako kuartelen aurrean mobilizazioa egin zuen atzo eguerdian, 1978ko erregimena salatzeko eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko. Latsarien plazan elkartu ziren, eta martxa baten bidez Urdintzuko zubiraino joan ziren Intsumisioaz euskal errepublika lelopean protesta eginez. Behin hara iritsita, Ertzaintzak babesturiko zubiaren sarreran maleta batzuk utzi zituzten militarrek kuartelak utzi behar dituztela irudikatzeko.
Gutun bat ere helerazi zieten militarrei, eta astebeteko epean kuartelako husteko agindu zieten: “Horren arrazoiak honako hauek dira: euskal errepublikaren aldarrikatzea eta instalazio horiek Loiolako bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten kiroldegi eta erabilera sozialerako lokal bilakatzea”. Husten ez badute “legezko ekintzak” hartuko dituztela jasotzen du gutunak: “Besterik gabe, agur esaten dizuegu, uste osoa baitugu eskatutako epean instalazioak utziko dituzuela. Kasu horretan, ez da legezko ekintzarik hartuko”.
Ertzaintzarekin tentsio uneak izan ziren zubian, protestan parte hartu zuten hainbat herritarrek zubia zigilatu nahi izan zutenean. Ez zieten utzi, eta zubitik bota zituzten. Ondoren, kolorezko kezko bengalak erabili zituzten kuartelen parean, protesta biribiltzeko. Era berean, Urumea ibaiaren kuartelen aldean, Euskal errepublikara bidean leloa zuen pankarta bat jarri zuten bi traineruk.
Mobilizazioaren atarian IRUTXULOKO HITZAk Unai Apaolaza Ehun mugimenduko kidea elkarrizketatu zuen.