"Astiñeneko zubiaren kasua EAJ-PSE-EEren gobernuak auzoekiko duen utzikeriaren adibide garbia da"

Donostiako Sortuk protesta ekintza bat egin du Egia eta Loiola lotzen dituen Astiñeneko zubian. Hain zuzen, zubi berriaren lanek pilaturiko atzerapena da salatu dutena. “EAJ-PSE-EEren gobernuak auzoekiko duen utzikeriaren adibide garbia da. Duela sei urte abiatu zituzten zubi berria egiteko lanak”, azpimarratu dute.
Zubi berri baten beharrarekin ados dago Sortu, ubidea hobetzea eta uholeen arriskua saihestea helburu duelako. Era berean, nabarmendu dute Loiola eta Egia auzoak lotzen dituen “hiri bide bakarra” dela. “Bizilagunek sei urtetik gora daramate zubiko lanen atzerapena pairatzen, eta gaur gaurkoz ez dago zehatz jakiterik noiz arte luzatuko diren. Egoera honek zentzuzko galdera bat sortzen du: ezaugarri bereko hiri lan bat erdialdean egin beharko balitz, hainbeste luzatuko litzateke? Erantzuna begien bistakoa da, alegia, ez. Eta adibideak ez dira falta; esaterako, Santa Klara uharteko itsasargian Cristina Iglesiasen eskultura egokitzeko lanak (beren zailtasun geografiko guztiekin) bi urte baino gutxiagoko epean amaituko dituzte”.
Astiñeneko zubi berria ez da udal gobernuaren lehentasuna Sorturen ustez. “Kapitalaren interesak tartean daudenean, inbertsioa eta presa; auzoen arteko loturan funtsezkoa den zubian, berriz, atzerapena eta txapuzak. Horregatik, udal gobernuaren utzikeria salatzeko eta agerian uzteko, Donostiako Sortuk zubiaren inaugurazio edo irekiera herrikoia egin du”, adierazi dute.