Isabel Herguera artistak egin du 56. Jazzaldiaren kartela
Uztailaren 21etik 25era egingo dute 56. Donostiako Jazzaldia, eta gaur kartela aurkeztu dute. Isabel Herguera zinemagile eta ekoizle donostiarrak egin du, eta Bye Bye Blues izenburua jarri dio: “Kartela pasa berri dugun urte arraro eta mingarriari agur esateko egina da. Aldi berean, jazzaren historiaren parte izan ziren emakumeei eta orain direnei eskainitako omenaldia da”.
Bye Bye Blues herri musikaren eta jazzaren estandar bat ere bada. 1925ean Fred Hamm, Dave Bennett, Bert Lown eta Chauncey Grayk konposatu bazuten ere, abestia Les Paul eta Mary Forden moldaketak egin zuen zerrendetan gora 1952an. Urtetan zehar asko izan dira interpretatu duten artistak, baina Herguerak bi bertsio hauek hartu ditu erreferentzia gisa: Julie Londonena (1957) eta Cab Callowayren instrumentala (1940).
Herguera 1961ean jaio zen Donostian. Ikasketak Bilboko Arte Ederretako Fakultatean eta Dusseldorfeko Kunstakademien egin zituen, eta prestakuntza osatzeko Kaliforniako Institute of the Arts institutuan izan zen. Hamarkada batez Los Angeleseko animazio estudio batzuetan aritu zen lanean. 2003an Europara itzuli eta zenbait film labur egin zuen, besteak beste, Annecy, Rotterdam eta Ann Arborreko jaialdietan hautatuak. Gaur egun, Koloniako Kunsthochschule fur Medienen eskolak ematen ditu, eta aldi berean ari da produzitzen bere lehen film luzea: El sueño de la sultana.
Animazio lanengatik hainbat sari jaso ditu Herguerak. Hala nola, La Gallina Ciega (Animaziozko Film Labur Onenaren Goya Saria 2006), Bajo la Almohada (Unicef saria, Zinebi 2012) eta Amore d’inverno (Euskal Zinemaren Sari Nagusia 2015).