Ostalariak Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Delegaritzan sartu dira irtenbide bat eskatzeko
Azken urtea %30ean lanean eman dutela adierazi dute ostalariek, eta sektoreko gainontzeko langileei antolatzeko eta mobilizatzeko dei egin dute.
Ostalaritza sektorearen eta langileen egoera “oso larria” dela adierazi dute, eta 40 ostalari baino gehiago Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Delegaritzan sartu dira egoera hori salatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzak “berriz ere” ostalaritza izurritearen bilakaeraren erruduntzat jo duela diote: “Argi utzi nahi dugu ez gaudela irekita; taberna askok itxi egin behar izan dute, eta beste hainbestek ere etorkizun iluna izango dugu beharrezko neurriak hartzen ez badira”.
Bestalde, garbi utzi nahi izan dute osasun egoeraz jakitun direla, eta ez daudela mugak jartzearen aurka; hala ere, mugak jartzekotan konpentsazioak egin behar direla adierazi dute. Izan ere, langileen gehiengoak aldi baterako erregulazio espedientean (ABEE) jarraitzen duela diote, soldataren %70a irabazten, eta kasu askotan irregulartasunak daudela ere salatu dute.
Hau dela eta, ondorengoak dira SOS Ostalaritzak Eusko Jaurlaritzari egin dizkion eskakizunak:
- Ostalaritzari eragiten dioten neurri murriztaile bakoitzaren argitalpenari, dagokion konpentsazio ekonomikoa argitzeko, establezimendu bakoitzaren ezaugarrietara egokituko den atal bat eranstea. Gainera, %100eko lanera itzuli bitartean, atzeraeraginezko laguntza ekonomikoa izan behar dute konpentsazio ekonomiko guztiek.
- Zergen ezabapena; Alokairuen atxikipena; PFEZaren murrizketa; BEZaren aldi baterako jaitsiera; eta zaborren, uraren eta terrazen zergak kentzea.
- Langileen soldatak osatzea eta ABEEan dauden irregulartasunak zuzentzea.
- Bizkortasun burokratikoa. Eskaeretan eta ABEEen kasuetan laguntzea, eta irizpideak erreztea eta malgutzea.