Elkarrekin Donostiako Ahal Duguko zinegotziek udal gobernuaren aurrekontuak babestuko dituzte
EAJ, PSE-EE eta Ahal Dugu akordio batera iritsi dira, eta horrela Elkarrekin Donostia koalizioko Ahal Duguko bi zinegotziek 2021eko udal aurrekontuak babestuko dituzte. Aldiz, Ezker Anitzako zinegotziak kontra bozkatuko du biharko aurrekontuen ez ohiko udalbatzarrean. Ahal Duguko eta Ezker Anitzako kideek osatzen dute Elkarrekin Donostia koalizioa.
Gaur eguerdian, Aitzole Araneta eta Marta Huarte Ahal Duguko zinegotziek iragarri dute 2,9 milioi euroko ituna adostu dutela udal gobernuarekin. Adostutako diru zatien artean, ostalaritzari eta saltoki txikiei laguntzeko milioi erdi bat euro eta koronabirusak eragindako sektoreen erreskatea nabarmendu dituzte. Era berean, etxebizitzarako itun bat nabarmendu dute. “Etxebizitza duin bat izateko eskubidearen aldeko konpromiso oso garrantzitsua lortu dugu”, adierazi du Aranetak.
Horrez gain, Ahal Duguk berdintasun alorreko diru zati bat adostu du: “Emakumeentzako enplegua garatzeko laguntzak, guraso bakarreko familientzako kangurajerako prestazioak, gizarte larrialdietarako laguntzak (gehienetan emakumeentzat izaten direnak), eta pobreziaren eta prekarietatearen feminizazioaren aurkako estrategiak eta berdintasun plan baten garapena”.
Negoziazio plataforma aurkeztu zutenean proposatutako helburuetako bat lortu dutela azpimarratu dute. “Hobekuntza zehatzak aurrera ateratzea lortu dugu, gazteak, familiak eta enpresak Covid-19ren mehatxutik eta horren ondorioetatik babesteko”, azaldu du Aranetak.
‘Ez da nahikoa’
Ezker Anitzak ohar baten bidez azaldu ditu udal aurrekontuen kontra bozkatzeko arrazoiak. Haizea Garai zinegotziak esan duenez, aurrekontuek ez diete erantzuten egoera “prekarioan” dauden herritarren beharrei. Ezker Anitzaren ustez “ez da nahikoa” udal gobernua akordiorako aurkezturiko eskaintza. “Aurrekontuen %0,375eko modifikazioa baino ez da, eta ez ditu neurri politiko esanguratsuak aurreikusten”, adierazi du Garaik.