Gizarte zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen hasi dira Anoetan
Realaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker, Anoetako txertaketa gunea abian jarri dute. AstraZenecako txertoak jartzen hasi dira Gipuzkoako gizarte zerbitzuetako langileei eta erabiltzaileei. Gaur, 400 erabiltzaile eta langile inguruk jasoko dute txertoa. Guztira, 9.500 pertsona inguruk hartuko dute txertoa Anoetan, denak 65 urtetik beherakoak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zehazten ditu txertatu beharreko kolektiboak, eta zentro okupazionalen ondoren, honako hauek jasoko dute AstraZenecaren txertoa: gizarteratze baliabideetako erabiltzaile eta langileek (egoitzak, etxebizitzak eta eguneko zentroak), adingabeei arreta emateko egoitza-baliabideetan lan egiten duten langileek eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzen duten mendeko pertsonei arreta ematen dieten langileek. Kolektibo horiei arreta goiztiarreko profesionalak gehitu zaizkie, baita beren etxeetan bizi diren eta desgaitasuna eta II. mailako mendekotasuna duten pertsonak (65 urtetik beherakoak) eta haien zaintzaileak ere.