Gerrako irudi argitaragabeak eta bestelako altxorrak
Koch Bengoetxearen argazkien erakusketa ikusgai dago San Telmo museoan. Saskigintzari buruzko jarduerak eta bestelako erakusketak ere eskaintzen ditu museoak.
Aste Santuan urrutira joateko modurik izango ez denez, aukera bikaina dugu Donostia eta Euskal Herriaren historia hobeto ezagutzeko. Izan ere, San Telmo museoak euskal gizartearen bilakaeran, historian eta bizimoduan murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen du, erakusketa iraunkorrean. Euskal Herriko museorik zaharrena da, eta eraikina berritu zutenetik hamar urte pasa eta gero, erakusketa interesgarriak ditu izan ginen hura hobeto ezagutzeko, eta gaur garena ulertzeko.
XX. mendeko lehen erdia ezagutzeaz gain, ikusteko aukera ere eskaintzen du Kearen eta lanbroaren artean erakusketak. Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariaren argazkiek osatzen dute erakusketa, eta maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai. Bi zatitan banatuta dago.
Batetik, orain arte argitaratu gabeko 1936ko gerrako 90 argazki ditu erakusketak. Hegazkin alemaniar eta italiarrek egindako bonbardaketen ondorioak erakusten dituzten argazkiak daude, esaterako: Gernika, Durango edota Zornotza suntsituta eta hildako hainbat pertsona erakusten dituzten argazkiak, hain zuzen. Donostia ere azaltzen da: 1938an egindako argazki bat dago, adibidez. Argazki horretan frankistek Kursaaleko zubian eraiki zuten garaipen arkua ikus daiteke.
Bestetik, 1948ko País Vasco: Guipúzcoa argitalpenean jasotako 65 argazkik osatzen dute erakusketaren bigarren zatia. Tradizioak, dantzariak, pilotariak, segalariak, baserritarrak, laiariak, eta zenbait herritako paisaia agertzen da argazki horietan.
Sigfrido Koch Bengoetxearen erakusketaz gain, Urgullen magalean erakusketak ere bisita merezi du. San Telmo museoa Urgull mendiaren magalean dago, eta Donostia bera ere mendi horren inguruan sortu eta eraldatu da. Horregatik, hiriaren eraldaketa eta bilakaera historikoaren lekuko paregabea izan da mendia, eta Donostian izan duen protagonismoa grabatu eta piezen bidez erakusten du erakusketak.
Begirada hurbila erakusketa ere zabalik dago museoan: Carmen Ballvek hainbat hamarkadatan egindako zuri-beltzezko hainbat irudi bildu dituzte: ez dira lehenago ikusi. Dominikar Errepublika, Tanzania, Etiopia, Mongolia eta Peru agertzen dira irudi horietan.
Saskigintzari buruzko jarduerak
Neolitoaren hasieran hasi ziren artisauak landare-zuntzak korapilatuz saskiak egiten, eta desagertzen ari da jarduera hori gaur egun. Martxoaren 28tik apirilaren 11 arte saskigintzako tresnez osaturiko erakusketa egongo da museoko klaustroan, eta apirilaren 6etik 10era Iñaki Agirrezabala eta Lourdes Etxaniz lanean ikusi ahal izango dira. Izan ere, beraiek dira saskigintzako teknikan diharduten artisau gutxietako bi. Erakustaldiez gain, Agirrezabalak eta Etxanizek familientzako tailer bat egingo dute apirilaren 10ean. Bestalde, Fermin Leizaolak Euskal Herriko saskigintzari buruzko hitzaldia emango du martxoaren 30ean. Saskigintzari buruzko jarduerak lanbide tradizionalei buruzko egitasmoaren barruan daude. Aurreko urteetan lihoaren lana eta gaztagintza ere jorratu dituzte.
ORDUTEGIA ETA SARRERAK:
Museoa asteartetik igandera dago irekita, 10:00etatik 20:00etara. Astelehenetan itxita egoten da, jaiegun eta zubietan izan ezik. Sarrerak 6 euro balio ditu, baina hainbat deskontu daude. Astearteetan doakoa da sarrera.
Informazio gehiago: www.santelmomuseoa.eus eta 943- 48 15 80.