Herri txiki baten lasaitasuna
Orio eta Donostia artean, bada hainbat muinok osatzen duten herria: Igeldo. Txubilloko jolas parkeagatik ezaguna, erromesek erabilia, eremu berde oso zabala da Igeldo, eta gune txundigarriak ditu.
Oinez, autobusez edo bizikletaz igo daiteke Igeldora, baina ez dira funikularra erabiltzea bezain originalak. Kontxako badia gurutzatuta, funikularraren plazan hartzen da trena, Tenis klubaren ondoan. Euskal Herriko funikularrik zaharrenak 312 metroko ibilbidea egiten du guztira, 151 metroko maldarekin, eta segundoko 1,5 metroko abiadurarekin. Goialdean, Kontxako badiaren edertasuna ikusteko lekurik onena dago, begiratokian, eta ondoan, Igeldo jolas parkea.
Jolas parketik aterata, errepide nagusira bidean, Canopy Abentura tirolina parkera iritsiko gara; Donostian halako abenturetaz gozatzeko leku bakarra da. Itsasoaren gaineko baso barruan dagoen tirolina parkea da, eta bi zirkuitu daude aukeran, bakoitzak nahi duen esperientziaren arabera. Demo zirkuitoa tirolinetako materialaren erabilera ulertzeko ibilbidea da; bi metroko altuera duten bi tirolina ditu. Besteak, Canopy zirkuitoak, hamabost tirolina eta bi erronka ditu. 80 metro ditu tirolina luzeenak, eta Igeldo mendiaren eta Kantauri itsasoaren ikuspegi zoragarriak izango dituzu.
Canopy Abenturatik atera eta berehala Tximistarri hondartzara eramango gaituen bidea aurkituko dugu Igeldoko errepide nagusiaren bidegurutzean. Bide hau hartu eta jaisten hasiko gara, eta hondartzan dagoen porlanezko egitura ikusiko dugu goitik. Adi! Hondarrez eta lokatzez jositako bideetan ibiltzeko oinetako egokiak eramatea garrantzitsua da. Itsasoaren indarraren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango duzue hemen, baita oinak bustitzeko aukera ere; ausartuz gero!
Hemendik gorako bidea hartuko dugu berriz ere, eta errepide nagusitik edo Santiago Bidetik Igeldo herrira joateko aukera izango dugu. Herri txiki baten lasaitasunaz gozatu ahal izango duzu Igeldon, baita eguna ederki amaitzeko pintxo bat ere. Donostiara jaisteko, autobusa hartu –16. linea– eta hamabost minutu baino gutxiagoan Parte Zaharrean izango zara.
Bereizgarriak
- Tximistarri: Itsasoaren indarra ikusi nahi? Mendiko bideetatik paseotxo bat eman ostean Kantauri itsasoaren edertasunaz gozatu ahal izango duzu. Igeldoko txoko ikusgarrienetako bat da
Tximistarri hondartza. - Canopy tirolinak: Igeldo mendiaren eta Kantauri itsasoaren aireko ikuspegia izateko aukera bakarra ematen dute Canopy tirolina parkeen bi zirkuituek.
- Funikularra: 1912. urtetik Antigua eta Ondarretako hondartza Igeldoko jolas parkearekin lotzen ditu. Urteak pasatu badira ere, hasierako forma eta itxura mantendu du funikularrak, modu horretara hasierako esentzia magikoari eutsiz.
- Igeldo herria: Igeldoko bizimoduak ez du hirikoarekin zer ikusirik. Gozatu herriko lasaitasunarekin eta tokiko gastronomiarekin!