‘Leopoldina Rosa’ fragataren espedizioa ezagutzeko aukera
Leopoldina Rosa fragata 1842. urtean abiatu zen Baionatik, euskal migratzaileez beteta. Historiaren pasarte honetan oinarrituta, Euskal Itsas Museoak haurrentzako esperientzia ludiko bat sortu du: Leo eta Dinarekin Odisea.
Leopoldina Rosaren istorioa
Erakusketa honek migrazioaren fenomenoan murgiltzen gaitu, eta bi garai lotzen ditu, XIX. mendeko migrazioak eta gaur egunekoak. Bietan, beren herrialdea uzten dutenek oinarrizko motibazio bera partekatzen dute, hau da, etorkizun hobea bilatzeko desioa.
Bisitariak islatzen dituen ispilu baten gainean XIX. mendeko euskal emigrazioa eta egungo immigrazio fenomenoei buruzko hainbat datu eskaintzen dira.
Erakusketa hau museoko bitartekaritza taldearekin bisitatu ahal izango da larunbatero. Gainera, bisita egin eta gero, parte hartzaileek Kofradia Itsas Etxean denboraldiko pintxo eta edari bat hartzeko aukera izango dute. Larunbatero 12:30ean izango da, aurrez eskaera eginda. Bisitak bi euroko prezioa du, eta bisita eta dastaketak, berriz, bost eurokoa.
Leo eta Dinarekin Odisea
8 urtetik gorako haurrentzako eskaintza ludikoa da Leo eta Dinarekin Odisea. 2090. urtean girotutako abentura honetan, Leok eta Dinak Donostiara iristen diren haur, nerabe eta gazteak gidatuko dituzte; izan ere, bizitzeko desegokia eta idorra da Donostia mende amaieran. Mahai joko baten antzera dago antolatuta abentura.
Bi larunbatetik behin, Euskal Itsas Museoko bitartekaritza taldeak Leo eta Dinarekin Odiseara bisita dinamizatuak eskainiko ditu zortzi urtetik gorako umeentzat. Hurrengo bisita dinamizatuak apirilaren 3an izango dira, 17:00etan, eta bisitaren prezioa hiru eurokoa izango da, ume bakoitzeko.
Bestelako eskaintzak
Donostiako portuko sekretuak, bitxikeriak eta arkitektura ezagutzeko bi aukera paregabe proposatzen ditu Euskal Itsas Museoak. Batetik, portuko bisita, Isturitz I arrantza-ontzian igotzeko aukera eta Kofradia – Itsas Etxean baxurako arrainarekin prestaturiko pintxoen dastaketa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek; 14,50 euroko prezioa du bisita honek, eta apirilaren 3an, larunbatean, izango da, 11:00etan. Bestalde, La Jaranatik martxan! ibilbide gidatuetan, Euskal Itsas Museoko bitartekaritza taldearekin batera bisita gidatua egiteko aukera izango duzu; bisitaren prezioa 2,5 eurokoa da, pertsona bakoitzeko, eta eskaera egin beharko da aurretik.
Derrigorrezkoa da aurrez izena ematea, komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidera idatziz edo 943-43 00 51 telefonora deituz, osasun larrialdia dela eta edukiera mugatua baitute bisitek.
ORDUTEGIA:
Museoa asteartetik igandera dago irekita. Asteartetik larunbatera 11:00etatik 19:00etara, eta igandeetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Jaiegunetan 11:00etatik 19:00etara dago irekita.
SARRERAK:
Erakusketara bisita: 2€. Erakusketa eta dastaketa: 5€. Haurrentzako esperientzia ludiko gidatua: 3€. Portuaren bisita eta pintxo dastaketa: 14,50€.
La Jaranatik martxan! ibilbide
gidatua: 2,5€.