Urumeako uretatik ikusten dena
Zenbat bide mota ezagutzen dituzu? Oinezkoentzako bidea; bidegorria, bizikletentzako bidea; bide berdea, naturagunean dauden bideak; errepidea, motordun gailuentzako bidea; bidezidorra, bidea izan nahi duen bidea ez den bide bat…
Hauek guztiak topa ditzakegu Donostian, baina bada bide bat, oso gutxik ezagutzen dutena; bidea denik ere inork imajina ez dezakeena. Bide hau, baina, ezin da oinez egin.
Loiolako Patxillardegi baserrian hasi, Espartxotik pasa, Sarroetatik segi, Astilleroak, Villa Pilar, Villa Armenonville eta Martutene baserria ikusi, Txurriategi atzean utzi eta Murgian bukatuko dugu. Bai, bai… Donostiako lekuak dira hauek. Tamalez, lekurik ez duten Donostian daude kokatuak.
Urumea ezagutzera ematea da gure lanean barneratuta dugun funtzioetako bat. Ez ditugu soilik Urumean barrena Kanoatan osteratxoak eskaintzen. Kanoatan ibili eta Urumeaz gozatzeko aukera emateaz gain, bidaia bat eta atzera begiratzeko aukera bat ematen dugu.
Egungo Parte Zaharreko tabernetako pintxoz betetako barra edo, Mirakontxan kalejiran ibiltzea bezela zen garai bateko Urumea. Bertan ibiltzen ziren markes eta erreginak pasiatzen. Bertan ibiltzen ziren, erreka bazterretan, latsariak arropak garbitzen. Arrantzan. Festa gune. Lanean. Garai bateko A8 autobidea zen Urumea, bere ordainsari eta guzti.
Azken batean, leku berriak ezagutzeko ez da urrutira joan behar. Eta, batik bat, begiratzeko moduak dira lekuak ezagutzeko modu berria. Goian aipatu leku horiek guztiak, askoren eguneroko begien aurretik igarotako lekuak dira. Begien aurretik, baina, zenbat gauza interesgarri galtzen ditugu?
Leku bakoitzak du bere historia, eta Urumeako bidean barrena, gurekin datorrenak jakingo du historia horren berri; eta batik bat, historia hartatik istorioak sortzea da gure helburua.
Urumearen luze zabalak ez du gure Donostian lekurik. Askorentzat, Urumea Burdinazko zubian bukatzen da; eta, guk, herdoila kendu nahi diogu uste horri. Patxillardegi baserritik Murgiarako bidea, ederra, berezia eta gurea den bide bat da. Eta inork uste ez badu ere, bide hau, ura bezelakoa da. Bizia.
Bereizgarriak:
- Patxillardegi: XVI. mendeko baserria, Donostiako zaharrenetakoa. Bada hari buruzko pasadizo historiko bat: behin, Isabel II.a Loiolatik zebilela, baserriaren aurretik pasa zen, eta pixa egiteko beharrez jota, baserritarrei haien komuna erabiltzeko baimena eskatu zien. Jabeek baietz esan zioten. Esker ona adierazteko, erreginakzergak barkatu zizkien bizitza osorako.
- Espartxo baserria: Altzako lurretan zegoen. XVI. mendeko eskultura eder bat du fatxadan, ibaira begira, San Kristobal omen dena. Parte Zaharreko jauregi batetik ekarri zuen jabeak, Andres Queheille merkatariak.
- Sarrueta: Urumeako portu garrantzitsuenetako bat zen. Egungo 27 Industrialdean zegoen, eta Pasaiako portuarekin komunikatua zegoen Altzan barrena.
- Murgia: Astigarragako mugan zegoen portu hau. Hemen sartzen zituzten sagardotegietako sagardo kupelak, eta ondoren, Ala ontzietan, Donostiara eta Pasaiara eramaten zituzten.
- Sagardoetxea: Sagardoaren kulturaz gozatzeko leku bat da, euskaldunen identitate eta ohituren ezaugarri. Naturarekin harremanetan ikasteko leku bat, ikusi, ukitu eta dastatuta…Txotx!

