Gabriela Zendoia Bergaretxe Bilduma osatzen ari da San Telmo Museoa

Walker Evansen American photograhs (1938an lehen aldiz argitaratua), William Kleinen Life is good & Good for you in New York: trance, witness, revels (1956an argitaratua) eta Robert Franken Les Américains (1958an ikusi zuen lehen aldiz argia Frantzian) lanak San Telmo museoak eskuratu dituen 30 argazki liburu klasikoen artean daude. Helburua, dagoeneko 2.700 titulu baino gehiago dituen Gabriela Zendoia Bergaretxe Bilduma osatzea eta aberastea da, museoko liburutegian dagoena eta edonork kontsulta dezakeena.
Zendoiaren aholkularitzarekin, museoak Bruce Davidson estatubatuarraren Subway zein East 100th Street, eta Larry Clarken Tulsa erosi ditu. Bildumagilearen esanetan, “dokumentu garrantzitsuak dira, eta guztiok gertutik ikusi ahal izango ditugu. Hunkigarria da liburu hauen orrialdeak pasatu ahal izatea. Liburutegiko bitxiak dira, eta horrela tratatuko dira”. Made in France Richard Avedonek Harper ‘s Bazaarrentzat 50eko hamarkadan egindako lana da erosketa hauen garrantziaren beste adibide bat. Formatu handiko liburu honetan argazkilariaren sekretuak inoiz ez bezala aurkitu ditugu, eskuz idatzitako oharrak barne.