Oporraldi honetan jarduera berriak antolatu dituzte Cristina Enea parkean eta Urgull mendian

Cristina Enea fundazioak jarduera berriak jarri ditu oporraldi honetan Urgull mendian eta Cristina Enea parkean, natur eremu hauetan egiten diren “ohiko ibilbideetatik” ateratzeko.
Hala, Cristina Enea parkean orientazio zirkuitu egonkor bat sortu dute, parkea “beste modu batean” ezagutzeko: “Badakigu bisitari asko behin eta berriz etortzen direla parkera, baina susmoa dugu askok betiko ibilbideak egiten dituztela. Hau dela eta, jendea Cristina Eneako txoko ezkutuak ezagutzera erakartzea pentsatu genuen, eta horretarako sortu dugu orientazio zirkuitua, Ulian egin genuen moduan. 1,6 kilometroko luzeera du zirkuituak, eta adin guztietako pertsonek egin dezaketela adierazi dute, orientazioa eta jarduera fisikoa uztartzeko plan egokia dela azpimarratuz.
Bestalde, Cristina Enea parkean “arrakasta izan zuen” altxorraren bila jolasa eraman dute Urgull mendira. Arrastoak eta probak jarraituz, Karmele Goienetxek 1813an Donostia erre aurretik Urgullen ezkutatu zuen altxorra aurkitu beharko da.
Bi jarduerak doakoak dira, eta planoak eta mapak Cristina Enea fundazioaren webgunean, Ingurumen Baliabideen etxean eta San Telmo museoan eskuratu daitezke.