Aieteko bolatokia estaliko dute
Aieteko bolatokia estali egingo dute, jolastokiarekin batera; 2018an aurkeztu zuten proiektu herritar hau, eta orain proiektu fasean dago. Izan ere, udalak estaltzea onartu zuen, baina orain udal gobernuaren esku dago partida ekonomikoa onartzea. 1.300.000 euro ingurukoa izango da, eta udalak Aieteko bizilagunei adierazi die egin, egingo dela, nahiz eta oraindik ez dakiten noiz egingo duten. Halako proiektuen partida ekonomikoa onartzen denean, lanak egitea udal gobernuaren esku geratzen da, baina haiek erabakitzen dute noiz egin.
Felix Perez Aieteko auzo elkarteko kidearen arabera, udalari ondo datorkionean egingo dute estaldura: “Seguruenik 2022an ez da egingo, eta ikusi beharko dugu 2023an edo 2024an egiten duten”.
Bolatokiarekin batera, ondoko jolastokia ere estaliko dute, eta harmaila txiki bat ere jarriko dute, jendea eseri dadin. Proiektua auzoko kultur etxean ikusi daiteke.
Aieteko bolatokia
2016an berritu zuten Aieteko bolatokia; zehazki, Pedro Lazkanok hartu zuen bolatokia berritzeko ardura, eta ordutik berak zaindu zuen, joan den urteko martxoan zendu zen arte. Gipuzkoako Bolo eta Toka federazioko presidentea zen Lazkano.