Aberri Eguna Egian ospatu zenekoa
1933. urtean, EAJk bigarren Aberri Eguna ospatu zuen, Donostian. Egiako Maitea frontoian egin zuten ekitaldi nagusia, Atotxa futbol zelaiaren ondoan, eta ‘Euzkadi-Europa’ izan zen lelo nagusia. Nazio eta erakunde ezberdinetako politikari eta pertsonaiak bildu ziren Maitean.
Eusko Alderdi Jeltzaleak 1932. urteko martxoaren 27an ospatu zuen bere lehenengo Aberri Eguna, Bilbon. 60.000 mila pertsona inguru elkartu ziren egun hartan egin zuten manifestazioan.
Hurrengo urtean, 1933an, Donostian egin zen Aberri Egunaren ekitaldi nagusia. Egiako Maitea frontoian egin zuten, eta Bilboko ekitaldiarekin alderatuta, kutsu aldarrikatzaileagoa izan zuen.
Izan ere, Bilboko Aberri Egunean manifestazioak hartu zuen garrantzia, baina Donostian egin zen Aberri Egunean politikarien hitzaldiak izan ziren garrantzitsuenak. Udal hauteskundeak baino astebete lehenago ospatu zuten Aberri Egunak, 50.000 pertsona inguru batzea lortu zuen. Kataluniako senyerak eta Galiziako banderak lagundu zuten ikurriña, eta Estatuko nazioak aldarrikatu nahi izan zituzten.
Teodoro Hernandorena, Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon, Manuel Carrasco Formiguera (Kataluniako Batasun Demokratikoa alderdiko lehendakaria), Ramon Otero (Alderdi Galegista) eta Ewald Ammende (Europako Nazionalitateen Kongresuko idazkari nagusia) izan ziren ekitaldian hitz egin zuten politikariak.
Aberri Eguna ospatu zen aste berean Euskal Kulturaren Astea bultzatu zuen EAJk, eta bi ekitaldi hauek berebiziko garrantzia izan zuten, EAJ eta Euskal Auzia munduari erakusteko. Hala azaltzen du Cesar Anibal Arrondo historialari argentinarrak: «‘Euzkadi Europa’ izena eman zioten ekitaldiari, eta honekin nazioartean euskal auzia ezagutaraztea nahi zuten antolatzaileek». Nahi horren adibide garbia da Ewald Ammende Europako Nazionalitateen Kongresuko idazkari nagusia gonbidatu izana.
Urte batzuk beranduago, Eusko Jaurlaritza Parisen zegoen diktadura frankistaren errepresioa saihesteko, eta erbesteko gobernua eta Jose Antonio Agirre lehendakaria Europar Komunitateen jaiotzaren lekuko izan ziren.