Ihesaldiak bidea egin du, eta tropelak lasai zeharkatu du Donostia

Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapa Donostiatik pasa da. Hondarribiatik (Gipuzkoa) abiatu da tropela, eta Ondarroan (Bizkaia) izango dute helmuga 160,2 kilometro egin ostean. Bost laguneko ihesaldiak bidea egin du hiriko kaleetan barrena.
Zurriolako zubia igaro dute elkarrekin Ide Schelling, Julien Bernard, Josef Cerny, Mikkel Frolich Honore eta Andrey Amador ziklistek. Atzerago seigarren bat ere azaldu da, Andreas Leknessund. Tropela bi minutu ingurura igaro da, erritmo lasaiarekin. Gaur ez dirudi aurreko egunetako sua izango denik helmugara bitarte. Ihesaldikoek edo gizon azkarrek izango dute aukera etapa irabazteko.