Crossover jaialdia egingo dute apirilaren 19tik 24ra
Telesailen inguruan hausnartuko dute Crossover jaialdian hilaren 19tik 24ra, Tabakaleran eta Koldo Mitxelena kulturunean egingo dituzten eztabaida, proiekzio eta hitzaldietan. Laugarren edizioa da aurtengoa, eta “paisaiak genero beltzan duen eragina, geure munduaren kolapsoa erretratatzen duten telesailen olatua, entzuteko diren serieen loraldia edota euskal ikus-entzunezkoak bizi duen momentu gozoaren arrazoiak” aztertuko dituzte, besteak beste.
Hilaren 19an, 18:00etan, genero poliziakoaren inguruan eztabaidatuko dute Noelia Lorenzok, Ibon Martinek eta Mikel Santiagok, Tabakaleran. Mahai ingurua amaitzean, Laëtitia telesailaren lehen bi kapituluak estreinatuko dituzte.
Entzuteko serieak telesailen munduko formatu berri bat da, eta Isabel Cadenas, Maria Jesus Espinosa eta Jose A. Perez adituek horren inguruan hausnartuko dute hilaren 20an, 18:30ean, Koldo Mitxelena kulturunean.
Telesailek gaurkotasuna islatzeko duten moduaren inguruko hitzaldia emango dute Rosa Belmontek eta Sergio del Molinok hilaren 21ean, 18:30ean, Koldo Mitxelena kulturunean. Hitzaldiaren aurretik, L’Effondrement serieko bi atal proiektatuko dituzte.
Hilaren 22an, serieen generoa ikuspegi ezberdinetatik aztertuko dute Lucia Baskaranek eta Aitziber Garmendiak, Gaizka Izagirrek moderatutako solasaldian. 18:30ean izango da, Koldo Mitxelena kulturunean.
Zenbait euskal telesail eta film sarituak izan dira Goya, Feroz eta Forqué sarietan, eta arrakasta horren protagonistetako batzuk –Ane Gabarain, Diego San José, Mikel Serrano eta Koldo Zuazua– omenduko dituzte hilaren 23an, 18:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean. Sare sozialek eta telesailek daukaten harremana ere aztertuko dute, 19:30ean, leku berean.
Amaitzeko, apirilaren 24an urteko telesaila izateko aukera duten hautagaien inguruan hitz egingo dute Enric Albero, Victor M. González eta Aloña F. Larrechi kritikariek, 18:00etan, Tabakaleran. Ondoren, The Sopranos eta Breaking Bad telesailak aurrez aurre jarriko dituzte Enric Albero, Gaizka Izagirre, Victor M. González eta Aloña F. Larrechi adituek egingo duten solasaldian, 19:30ean, leku berean.
Eztabaida, proiekzio eta solasaldiak ikusi eta entzuteko, jaialdiaren webgunean izena eman behar da.