Etxerik gabeko pertsonentzako afariak kozinatzeko boluntario gehiago behar dituzte

Konfinamenduak iraun bitartean, nekez ikus zitekeen jendea hiriko kutxazainetan lotan. Konfinamenduaren arintzearekin batera, etxegabe asko kalera itzuli dira. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Etxerik gabeko pertsona bat, kutxazain batean lotan. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Donostiako etxerik gabeko pertsonentzako afariak prestatzen dituen boluntario sarea lanez gainezka dabil, eta boluntario gehiago behar dituzte, etxegabeen beharrei ondo erantzun ahal izateko. Hain zuzen, hamabost egunean behin afaria kozinatzeko prest dauden herritarrak behar dituzte.

Parte Zaharreko zazpi bat lagun duela sei bat hilabete hasi ziren Konstituzio plazako arkupeetan lo egiten duten etxerik gabeko pertsonei gauero afariak eramaten. Pixkanaka, taldea handitzen joan zen, baina baita beharrak ere, pandemiarekin, etxegabeen egoera are gehiago okertu baita.

Horrela, boluntario sarea Egiara ere zabaltzea erabaki zuten, eta 20-25 boluntariok eman zuten izena. Egiakoek Norteko geltokiaren inguruan banatzen dituzte afariak gauero. Horrela, guztira, 40tik gora boluntario ari dira afariak kozinatzen eta banatzen, eta 50 bat etxegabek jasotzen dituzte otorduak.

Ordea, lanez gainezka dabiltza, eta boluntario gehiago behar dituzte, hamabost egunean behin afariak kozinatzeko prest daudenak. Boluntarioek euren poltsikotik ordaintzen dituzte afarietako gastuak, eta bakoitzak bere etxean kozinatzen du, nahiz eta alternatibak bilatzen ari diren. Bestalde, udal talde guztiekin harremanetan jarri badira ere, momentuz ez baitute beste irtenbiderik aurkitu. Hala ere, Baratze supermerkatuak %30eko deskontua egiten die euren erosketetan eta The Loaf okindegiak soberan dituen ogia eta pastelak eman ohi dizkie. Sarean izena eman nahi duten herritarrek 679-53 53 70 telefono zenbakira Whatsapp edo Telegram bidez idatzi dezakete. Era berean, boluntario sarea diruz lagundu daiteke, Egiako Kata eta Koskorrio tabernetan jarri dituzten kutxetan dirua sartuz.

HITZAkide HITZAkide