Herrerako geltoki ondoko haritza ez botatzeko eskatu dute bizilagunek
Parkea Bizirik Kukulunberak salatu du Herrerako tren geltoki ondoan dagoen haritz bat botatzeari “laster” ekingo diotela, eta horren aurrean, “auzotarren kexa” adierazi dute. Zenbait kartel azaldu dira haritzaren inguruan, bere lekuan mantentzeko eskatuz. Izan ere, Parkea Bizirik Kukulunberaren arabera, haritz hori auzotarren “memoria kolektiboaren parte” da, eta “berotze globalari aurre eginez osasuna oparitzen du”.
Elkarteak salatu duenez, haritza dagoen tokian eskailera batzuk eraikiko dituzte, tren geltoki berrian.