Herrerako tren geltokia eraisten hasi dira
Herrerako tren geltokiko nasa bat –Brinkolarako noranzkoan zegoena– eraitsi dute gaur hondeamakinek, eta horrela, pauso bat eman dute aurrera tren geltokia hobetzeko lanek.
Aurreikusi daitekeenez, ondorengo egunetan beste nasa eraitsiko dute, eta aurrera jarraituko dute eraisketa lanekin. Dagoeneko trenbide azpiko pasabidea itxita dago (hala egongo da urtebetez), eta ibilbide ezberdina egin beharko dute Herrerara joan nahi dutenek; Larredi eta San Luis Gonzaga plazetan dauden eskailerak eta igogailua erabiltzea gomendatu du ADIFek.
Otsailaren hasieran hasi ziren Herrerako tren geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak. Renfek 2,2 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta obrak bukatzeko epea hamalau hilabetekoa izango da. Helburua erabilera erraztea da, batez ere mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.
Geltoki osoaren irisgarritasuna bermatzeko hainbat hobekuntza egingo dituzte. Nasen altuera igoko dute 68 zentimetroko kota aktiboraino, eta bi igogailu jarriko dituzte nasen arteko komunikazioa bermatzeko. Era berean, eskailera berriak egingo dituzte azpiko pasabidearen eta nasen artean. Horrez gain, pasabidea egokitu eta luzera murriztuko dute erosotasuna zein segurtasuna hobetzeko. Bidaiaren bi artepeen ordez eraikin berriak jarriko dituzte, bana nasa bakoitzean. Geltokira sarbidea bermatzeko, bigarren nasako bidaiarien eraikinera sartzeko aldapa bat ere egingo dute.
Hala ere, herritarrek zenbait kexa ere plazaratu dituzte. Batetik, lurpeko pasabidearen gainean dagoen Altzako armarria babesteko eskatu dute Altzako Historia Mintegiak, eta Eneko Goia alkateak babestuko dutela adierazi zuen. Euskal estilo berriko nasak babesteko eskatu du Ancora elkarteak, eta horiek ez dituzte errespetatu, gaur ekin baitiote horiek eraisteari. Bestetik, geltoki ondoko haritz bat eta beste zuhaitz batzuk botako dituztela salatu dute Altzako Historia Mintegiak eta Parkea Pizirk Kukulunberak.