Herrerako tren geltokiko eskailerak aldatu eta pasabideak egokitzeko eskatu du Herripe auzo elkarteak
Otsailean hasi zituzten Herrerako tren geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak, eta azken egunetan auzoko hainbat eragilek eremuan egindako zuhaitzen mozketa salatu dute. Altzako Historia Mintegiak, Parkea Bizirik talde ekologistak eta Herripe auzo elkarteak geltoki ondoan dagoen ehun urteko haritza ez botatzeko eskatu dute. Horrekin batera, Herripek kritikatu du geltokira iristeko soilik eskailerak jarri dituztela, eta ez dutela irisgarritasuna bermatzen.
“Herri partaidetzarik gabe egindako proiektua da”, salatu du auzo elkarteak. Proiektua lanak hasi baino astebete lehenago jakinarazi zieten, “nahiz eta urtebete pasa udalaren eskuetan”. Ezagutu orduko lau eskaera egin zizkieten Renferi eta udalari: “Magalean dauden zuhaitzen babesa, pasabidearen gainean dagoen Altzako armarriaren leku aldaketa eta tratu egokia, Oxigraf aurreko pasabidearen moldaketa jendearen pasabide bihurtu dadin, eta argitzea ea Donostia alderako nasako igogailua erabilera publikokoa izango den, eta ez bakarrik geltokiko zerbitzurako”.
Laster bi hilabete beteko dira auzo elkarteak egindako eskaeratik, eta gaur egungo egoera ondorengoa dela diote: “Magaleko zuhaitz gehienak bota dituzte, eta bakarrik haritza mantentzen da zutik, eta botatzea da beraien aurreikuspena. Trenbidera iristeko urte osorako egin dituzten bideak eskailerak baino ez dira, ez dago arranplarik”. Hori dela eta, auzo elkarteak aldarrikatu du eskailera proiektua alda dezatela haritza han mantentzeko, eta irisgarritasun irizpideak errespetatuz, trenbidera iristeko pasabideak egokitzea.
Horrez gain, Herripek eskaera bat erregistratu du udaletxean Donostiako Udalari eta Obra eta Proiektuetako sailari azalpenak eskatzeko.