"Nahi dugun hiria" eztabaidagai San Telmo museoan
Apiriletik ekainera Donostia 2030 zikloa egingo dute San Telmo museoan, eta datorren hamarkadari begira Donostiak bizi duen egoera eta dauzkan erronkak aztertuko dituzte. Museoak eta Donostiako Estrategia Bulegoak elkarlanean antolatu dute zortzi hitzaldiko zikloa: Urgullen magalean erakusketatik abiatuta, ikuspegi garaikidea emango diote eta hiriko eremu estrategikoei erreparatuko diete. Antolatzaileen arabera, “nahi dugun hiria” izango da zikloaren ardatza. Hitzaldi guztiak San Telmo museoan emango dituzte, 18:00etan, eta doakoa izango da sarrera. Aldez aurretik webgunean izena ematea komeni da hitzaldiak entzuteko, baina museoaren youtube-ko kanalaren bidez entzuterik ere izango da.
Zikloa hilaren 8an hasiko dute, Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak emango duen hitzaldiarekin. Eneko Goia alkatearekin batera, Donostiak datorren hamarkadan izango dituen erronka nagusien inguruan jardungo dute. Hilaren 20an Donostia inklusiboaren inguruan hausnartuko dute hainbat ikuspegitatik, eta 27an, berriz, hiriko mugikortasunaren eraldaketaren inguruan jardungo dute.
Maiatzaren 4an etxebizitzaren afera jorratuko dute, eta 11n, aldiz, zientziak eta berrikuntzak hirian izan behar duen lekuaz hausnartuko dute hainbat adituk. Maiatzaren 25ean hiriko ekonomiaren aldaketari begiratuko diote, turismoak hirian jokatzen duen rolari, besteak beste. Ekainaren 1ean hiriari genero ikuspegitik begiratuko diote, eta gazteek bizi duten egoera ere aztertuko dute. Azken hitzaldia ekainaren 8an eskainiko dute, eta beste hiri batzuetako esperientziaz jardungo dute: Bartzelonakoaz, Naonedekoaz (Nantes, Bretainia) eta Erromakoaz, hain zuzen.