Realak puntu mingarri bat ekarri du Valentziatik
Realak gertu izan zituen hiru puntuak, baina bakarrarekin itzuli da Valentziatik. Bera Berak, aldiz, garaipena eskuratu du asteburuan, baina saskibaloian eta belar hockeyan porrotak izan dira.
Asteburu gorabeheratsua izan da Donostiako taldeentzat, garaipen bat, bi porrot eta berdinketa bat izan baitira.
Futbolean, esaterako, Realak Valentziaren aurka jokatu zuen atzo Mestalla estadioan, eta markagailuan 0-2 aurreratu bazen ere, berdinketa batekin itzuli zen handik. Izan ere, Gebarak eta Isakek txuri-urdinak aurreratu ondoren, Pizarro Gomez epaileak penaltia adierazi zuen Valentziaren alde 61. minutuan, eta Wassek 1-2-koa jarri zuen markagailuan. Penaltiak eztabaida sortu zuen. Ondoren, 73. minutuan, Paulistak berdinketaren gola sartu zuen buruz, nahiz eta jokalariak kalean egon beharko lukeen ordurako, aurretik Carlos Fernandezi egindako falta bat dela eta. Horrela, Reala bosgarren sailkatua da Ligan, 47 punturekin.
Futbolarekin jarraituz Euskal Selekzioak irabazi egin du asteburuan Zubietan jokatutako Basque Country International Women’s Cup txapelketa. Argentinarekin eta Venezuelarekin jokatu du txapelketa, eta irabazi egin du, Argentina Yulema Corresen (Athletic) gol bati esker irabazita eta Venezuelarekin 0-0 berdinduta. Talde hegoamerikarren arteko nogehiagokan Argentina gailendu zen.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek kolpe gogorra jaso zuen asteburuan Betisen aurka, 68-91 galduta. Lehenengo mailan gelditzeko borrokan, emaitza oso txarra da gipuzkoarrentzat. Belar hockeyan ere porrot mingarria izan da donostiarrentzat, Realak 8-0 galdu baitzuen Club de Camporen aurka.
Eskubaloian, aldiz, asteburuko albisterik onena heldu da talde donostiarrentzat, Bera Bera 25-22 gailendu baitzaio Rocasa Gran Canaria talde kanariarrari.
Bestalde, txirrindularitzan, Donostialdea Bizikletan taldeko Yago Agirre juniorrak lasterketa bat irabazi du Lizarran.
FUTBOLA
Gizonezkoen Ligako 30. jardunaldia
Valentzia 2 – Reala 2
Basque Country International Women’s Cup
Euskal Selekzioa (txapeldun) – Argentina – Venezuela
SASKIBALOIA
Gizonezkoen Lehen Maila, 28. jardunaldia
Gipuzkoa Basket 68 – Real Betis 91
ESKUBALOIA
Emakumezkoen Lehen Maila, 9. jardunaldia
Bera Bera 25 – Rocasa Gran Canaria 22
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen Lehen Maila, 19. jardunaldia
Club de Campo 8 – Reala 0