Saltoki txikietako langileak txertatzeko eskatu dute
Donostiako Ba Gera merkataritza elkarteak bat egin du Euskaldendak konfederazioaren aldarrikapenarekin. Hain zuzen, merkataritzako langileen txertaketa lehenestea eskatu dute. “Duela urtebete, konfinamenduan, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen merkataritzaren sektorea ezinbestekoa zela. Urtebete pasa da, eta badirudi ezinbestekoa zela bigarren mailakoa izatera pasa dela”, azaldu du Ba Gerak.
Merkataritzak hiri eta herrietan duen garrantziaz “ahaztu” direla gaineratu dute. “Merlataritza ezinbestekoa bada, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak merkataritzako langileak lehenestea txertaketa kanpainetan. Izan ere, kutsatzeko arrisku gehiago duten pertsonak dira, eta txertaketaren bidez beraien segurtasuna bermatu behar da”.
Horrez gain, Ba Gera elkarteak eta Euskaldendak konfederazioak eskatu dute txertaketaren prozesua azkartzea, gizarte osoarentzat onuragarria izan dadin.