Dbusek hamabi metroko autobus elektrikoa probatuko du, datozen bi asteetan

Autobus berritzailea aurkeztu dute Dbusek eta Donostiako Udalak. MAN etxearen Lion ‘s City E modeloko hamabi metroko autobus %100 elektrikoa probatuko du autobus konpainiak, bidaiariekin. Donostia da autobus berri hau probatuko duen estatuko lehen hiria. Autobusak egunean 250 kilometrotik gora egiteko autonomia du.
Probak 24. Altza-Gros-Antigua-Intxaurrondo eta 33. Larratxo-Intxaurrondo-Antigua-Berio lineetan egingo dituzte, erabiltzaileekin eta benetako baldintzetan. Ibilbide zorrotza duten auzoarteko bi linea dira, egunero batez beste 240-270 kilometro egiten dituztenak. Ibilgailu honekin orain arte hirian probatutako autobus elektrikoen autonomia gainditzea espero da.
Autobus berria gauez kargatuko dute Dbusen Ategorrietako autobusen biltegian. Hiru ordu behar ditu kargatzeko, hamabi metroko beste autobus elektriko batzuek baino denbora gutxiago. Era berean, ibilbidea egiten ari den bitartean ez du kargatzeko beharrik. Bateriek 480 kilowatt-orduko edukiera dute, eta 150 kilowatt arteko karga potentzia. Proiektu pilotu berri honekin, beraz, autobus elektrikoen teknologia honen egungo autonomia muga gainditu nahi dute.
Gaur egun, MAN baterien belaunaldi berri batean ari da lanean, zeinak datozen urteetan 400 kilometrora arteko autonomia edukitzea ahalbidetuko du, Dbusen operazio betekizunetara egokituta. MAN Lion ‘s City E modeloak ahalbidetuko du egungo bateriak bateria berri horiekin eguneratzea, ibilgailuaren autonomia areagotuta eta zerbitzuan fidagarritasun handiagoa eskainita.
Hibridoen antzeko estetika
Dbusek probatuko duen autobusak flotan sartu diren azken autobus hibridoen estetika bera du, MAN Lion ‘s City (12c) Euro 6d modeloa, DGTren Eco etiketarekin, aurreko beira zabalagoekin eta lineari eta helmugari buruzko informazioa eskaintzen duten autobusaren kanpoaldeko kartel ikusgarriagoekin. Barrualdeari dagokionez, diseinu argia du, eta leku gehiago autobusaren atzealdean, beste lau eserleku gehiagorekin.
Dbusek MAN fabrikatzailearen 31 autobus hibrido ditu. Era berean, elektromugikortasunari dagokionez, azken urteotan Dbusek apustu garrantzitsua egin du teknologia berrietako autobusekin eta hainbat fabrikatzailerekin proiektu pilotuak sartu eta abian jartzearen alde. Flotan 12 metroko hiru autobus %100 elektriko, hamabi metroko 50 hibrido, eta hamabi eta hemezortzi metroko ibilgailu %100 elektrikoak ditu, baita autobus hibrido elektriko bat ere, eta horiekin guztiekin Euskadiko autobus-flotarik jasangarrienetako bat da.