Donostian lehenengo solairutik gora dauden 559 etxe turistikoak ez legeztatzeko eskatu dute

Etxebizitza_turistikoa

Donostiako bederatzi eragilek ohar bateratu bat plazaratu dute, azaltzeko Donostian 559 etxebizitza turistiko daudela lehenengo solairutik gora, eta horiek guztiak legez kanpo geratu beharko liratekeela. Amara Bai auzo elkartea, Bizilagunekin plataforma, Donostialdeko Maizterren Sindikatua Egia Bizirik auzo elkartea, Heriz plataforma, Hondarpe auzo elkartea, Kaleratzeak Stop Gipuzkoa, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea eta Saretxe plataforma dira oharraren sinatzaileak, eta manifestaziora deitu dute maiatzaren 22rako, hiriko “etxebizitza larrialdia” salatzeko eta “etxebizitza eskubidea” aldarrikatzeko.

2018ra arte indarrean zegoen Donostiako Udalaren Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak lehen solairutik gora erabilera turistikoko etxebizitzak ezartzea eragozten zuen, baina urte horretako martxoaren 1ean, udalak etxe turistikoak lehenengo solairutik gora jartzea ahalbidetzen zuen araudia onartu zuen. 2020ko urtarrilean, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak araudia baliogabetu egin zuen, udal ordenantza batekin ezin direlako hirigintza erabilerak arautu, eta ezin delako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurka joan. Udaleko zerbitzu juridikoek ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu zuten, baina, berriki, Espainiako Auzitegi Gorenak helegite hori baztertu du. “Gaur egun, hala ere, ehundaka pisu daude lehen solairutik gora kokatuta egon arren, euren jarduera ekonomikoa garatzen jarraitzen dutenak”, salatu dute eragileek.

Hain zuzen, guztira, Donostian 1.272 etxebizitza daude etxe turistiko gisa onartuta (1.225 guztiz onartuta eta 47 tramitean), eta horien %43,9a (559) lehenengo solairutik gora kokatuta daude. Horrela, 559 etxebizitza turistiko horiek legez kanpo gelditu beharko liratekeela nabarmendu dute eragile sinatzaileek. Auzoz auzoko datuei erreparatuta, Erdialdean eta Grosen daude lehenengo solairutik gorako etxebizitza turistiko gehien: 152 eta 150, hurrenez hurren. Bestalde, Amara Berrin 62 daude, Parte Zaharrean 48, Antiguan 45, Amaran 32, Egian 28, Ibaetan hamaika, Loiolako Erriberan hamaika, Loiolan zazpi, Bidebietan sei, Ulian hiru, Intxaurrondon bi eta bana Añorgan eta Igeldon. Logela turistikoen datuak ere eman dituzte, eta, guztira, 141 daude Donostian (129 guztiz onartuta eta 12 tramitean); horietatik, 67 lehenengo solairutik gora daude. Kasu horretan ere, Grosen, Erdialdean eta Parte Zaharrean daude gehien: hamasei, hamalau eta hamabi, hurrenez hurren. Amara Berrin sei daude, hiruna Aieten, Antiguan eta Intxaurrondon, bina Amaran, Ibaetan eta Igeldon eta bana Egian, Loiolan, Ulian eta Martutenen.

“Donostiako Udalak sortutako tranpa etxebizitza baten erabilera turistikoa bizitegi erabilerarekin parekatzea izan zen, bateraezinak direnean; nahiz eta baliogabetutako ordenantzaren azalpen zatian onartzen zen etxe turistikoen jarduera ekonomikoa zela”, azaldu dute eragileek. Harago joan dira, “tranpa bikoitza” izan zela salatu baitute: “Zati horretan bertan adierazten zen jarduera tertziarioa zela, eta bazituela betebehar batzuk: ingurumena babestea, bizilagunek atseden hartzeko eskubidea izan behar zutela eta bizitegitarako hirigintza-erabilera babestu behar zela, hiriko zenbait eremutan gentrifikazio prozesuak saihestu behar zirela eta jarduera ekonomikoek berezko zituzten baldintzak bete behar zituztela (adibidez, intsonorizazioa edo irisgarritasuna); hala ere, hori ez zen jasotzen ordenantzaren artikuluetan. Herritarrei iruzurra gauzatzen zen”.

Etxe turistikoek “hiriko etxebizitza larrialdia areagotzen dute”, eragileen arabera, izan ere, euren ustez, “bertan bizitzeko etxebizitzen alokairuaren merkatuan eragin nabarmena dute”. Horregatik, azaldu dutenez, “beharrezkoa da udalak kontrolatzea pandemia aldi honetan alokairuaren merkatura igaro diren erabilera turistikoko etxebizitzak. Dirudienez, ehun baino gehiago dira, eta udalari dagokionez kontrolatzea eta zaintzea”.

Horregatik guztiagatik, udalari eskatu diote ez onartzeko lehenengo solairutik gorako etxebizitza turistikoak, aitortzeko ezin direla parekatu bizitegi etxebizitzaren erabilera eta erabilera turistikoa, turismo etxebizitzaren alokairua hirugarren sektoreko jarduera ekonomiko erregulatutzat hartzeko, Hiri Antolaketarako Plan Orokorra ez aldatzeko lehenengo solairutik gorako etxebizitzetan alokairu turistikoa ahalbidetzeko, hiriko etxe turistikoen hedapenaren balantzea jendaurrean jartzeko eta auzo bat eremu asetzat edo asegabetzat jotzeko irizpideak kuantifikatzeko eta “lehentasun osoz” heltzeko “Donostian bizi den etxebizitza larrialdia konpontzeari”.

HITZAkide HITZAkide