Etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentro bat egokitzeko kontratazioa abiatu du udalak
Egiako Villa Salia eraikinean etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentro bat jartzeko lanak kontratatzeko espedientea abiatu du Donostiako Udalak. Jai Alai kaleko 17. zenbakian dago Villa Salia, eta birgaitzeko aurrekontua 2 milioi eurokoa da. “Zentro hau abian jartzea da Gizarte Ekintza sailaren lehentasunetako bat”, azpimarratu du Eneko Goia alkateak.
Egoitza 1.200 metro karratu inguruko jabetza eta zerbitzu publikoko lursail batean dago, eta gaur egun irakaskuntzarako –helduentzako hezkuntza– erabiltzen da osorik. Jarduera hori mantenduko dute, eta erabilera osagarria emango diote eraikinari.
Proiektuak proposatzen du eraikina egokitzea etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentroaren funtzioa bete dezan, eta horretarako honako zerbitzuak jarriko dira: harrera gune bat, egonaldirako gunea, jantoki soziala, erizaintzako eta podologiako kontsultak, bulego profesionalak, aldagelak eta komunak, armairuak, bai eta langileentzako guneak eta eremu osagarriak ere; hala nola bilera gela, egongela, aldagelak eta komunak, harrera gela, hainbat biltegi, sukaldea, garbiketa gela eta instalazio gela.
Eraikinaren jatorrizko balio arkitektonikoak galdu gabe egingo dira lanak. Enpresa adjudikaziodunak hemezortzi hilabeteko epea izango du birgaitzea egiteko.