"Realari Alderdi Ederren harrera egin ez badiogu, ez dirudi su artifizialak egongo direnik"

Udako kultur eta aisialdi jardueren inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Goiak aitortu du aurreiskupenak ez direla onak, eta jarduera asko kolokan daudela. Esaterako, Aste Nagusia. “Gaurko egunez ez dirudi Aste Nagusiko jarduera garrantzitsuenak egin ahal izango direnik. Jende asko pilatzen dira horietan, eta une honetan horrelakoak baimentzea ezinezkoa da”, adierazi du alkateak. “”Realari Alderdi Ederren harrera egin ez badiogu, ez dirudi su artifizialak egongo direnik”, gaineratu du.
Egoera “aldakorra” dela esan du Goiak, eta udala lanean ari dela iazko kultur zein aisialdi eskaintzari eusteko: “Jazzaldia, Musika Hamabostaldia eta Zinemaldia egingo dira, eta bakoitza egokitzen joango gara momentuko neurri eta baldintzekin”. Era berean, udan zehar beste jarduera batzuk antolatzeko asmoa du udalak.
Hondartza denboraldia
Udala Gipuzkoako Aldundiarekin jarri da harremanetan hondartza denboraldiari buruz hitz egiteko. Kostako beste hainbat udalerriekin batera hitz egiteko mahaia osatuko dute, eta “antzeko neurriak” hartzen saiatuko direla esan du Goiak. “Aurten ere hondartzetan edukiera kontrolatzeko sistema bat jartzea aurreikusten da. Horrekin batera, hondartza denboraldia ohikoa izatea, eta ez laburragoa, iaz gertatu zen bezala. Hori bai, ez dirudi toldoak jartzeko aukera egongo denik”.