Geometria klasea izan dute Aitor ikastolako ikasleek Tejeria kalean
Egia pausoz pauso egitasmoak aurrera jarraitzen du, eta gaur Aitor ikastolako ikasleek hartu dituzte Tejeria eta San Kristobal kaleak. Goizean zenbait jolas egin dituzte Haur Hezkuntzako ikasleek, eta arratsaldean geometria klasea izan dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek. Kaleak eskaintzen dituen baliabideak baliatu dituzte ikasleek irudi geometrikoak egiteko, eta osatutako formekin zenbait jolas egin dituzte. Ondoren, yoga ikastaro bat izan da Tejeria kalean.
Egia Bizirik auzo elkartearen proposamena aintzat hartuta, Donostiako Udalak astelehenean abiatu zuen Egia pausoz pauso egitasmoa, eta horren bidez, Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat izango dira hilaren 25era arte. Bi aste horietarako, egitarau zabala prestatu dute herritarrek; astelehenean, esaterako, Azoka Txikia han egin zuten, eta, atzo, altzari urbanoak egiten aritu ziren. Bihar ere Aitor ikastolako ikasleak izango dira Tejerian: 4. mailako ikasleek marrazki eta puxikaz zutabeen arteko tartea apainduko dute. Egitarau osoa ikusteko, egin klik hemen.
Aitor ikastolako ikasleek izandako geometria klaseko irudiekin argazki galeria osatu dugu: