Internet bidez egindako iruzurrak areagotu dira 2020an Donostian
Donostiako 2020ko segurtasunari buruzko balantzea aurkeztu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak eta Hiri-Segurtasun eta Herri Babeseko zinegotzi Martin Ibabek. Donostia “hiri segurua” dela nabarmendu du Ibabek: Donostian 1.000 biztanleko delituen tasa %64,03tik %56,52ra jaitsi da 2020an. 2020ko delinkuentziari buruzko datuetan COVID-19aren pandemiak eta hartutako neurriek eragina izan dutela nabarmendu dute sailburuordeak eta zinegotziak. Pertsonen eta ondarearen aurkako delituek behera egin badute ere, Internet bidez egindako delitu informatikoekin zerikusia duten iruzurrak handitu dira %120an. Iruzur horien egilea topatzea “zaila” dela azaldu du sailburuordeak, baina “kontzientziazioa” garrantzitsua dela adierazi du: “Internet nola erabili jakin behar dugu, baita ordainketak nola egin ere”.
Emakumeen aurkako indarkeria kasuekin loturiko delituak ez ditu atal integral moduan antolatzen balantzeak, eta bereizita azaltzen dira. Hala ere, behera egin dute sexu-askatasunaren aurkako delituek eta familia barruko tratu txarrek 2020an, balantzearen arabera.
Lapurretak murriztu dira Donostian 2020an, baina etxeetako eranskinetan edo trastelekuetan egindakoak, aldiz, 2019an baino gehiago izan ziren iaz. Droga trafikoa ere handitu dela azaldu dute Ibabek eta Zubiagak.
Auzoka, berriz, desorekak daude. Erdialdean, Parte Zaharrean eta Grosen delituak gutxitu egin dira; Martutenen eta Añorgan, berriz, handitu.