Txanpuene baserria zegoen tokian, luxuzko etxebizitzak
Amarako azken baserria zen Txanpuene, baina pasa den abenduan eraitsi zuten, luxuzko etxebizitzak eraikitzeko. Baserria zegoen tokia eta inguruko eremua prest daude etxebizitza berriak eraikitzen hasteko, lorzorua lautzeaz gain lur egokia kokatu dutelako eraikuntza lanekin hasteko. Neinor SL, Renteria SL eta Irunesa SL higiezinen enpresenak dira gaur egun lur horiek, eta Jose Olaizola kaleko etxe berrien jarraipen modura, Arbaizenea Homes II etxebizitza-promozioa aurkezten dute dagoeneko. Luxuzkoak izango dira etxebizitzak: guztira egingo dituzten 12 etxeek igerileku, gimnasio eta solariuma izango dute urbanizazio berrian.
Txanpuene baserria San Roke kaleko 57.enean zegoen, eta Albako dukeena zen, nahiz eta 150 urtez Etxabe familia bizi izan, maizter moduan. Badira urte batzuk aristokrata espainiarrek Txanpuene eta inguruko lurrak higiezinen enpresei saldu zietenetik, eta maizterrek epaitegietan “borrokatu” zuten beraien etxean bizitzen jarraitu ahal izateko. Hala ere, 2020ko abenduan eraitsi zuten baserria eta berandu baino lehen luxuzko etxebizitzak izango dira Amarako azken baserria zegoen tokian, Alba familiaren jauregiaren ondoan.